Hurrengo batean izan beharko da

Guaixe 2009ko urriaren 8a

Korzgeneskaya bai (7.104 m), baina Komunismoko gailurra (7.495 m) zapaldu gabe itzuli da Axier Larrion TayikistanetikAxier Larrion mendizale altsasuarrak asmo ederra zuen uda honetan: lehengo Soviet Batasuneko eta egungo Tayikistan herrialdeko Pamir mendikatera jotzea, Korzgeneskaya mendia (7.104 m) igo eta Ismail Somoni edo Komunismo gailurra(7.495 m) zapaltzea. Bilboko Endika Herce lagunarekin ekin zion abenturari. Korzgeneskayako espedizio arrakastatsuaUztailaren 27an 4.300 metrora dagoen kanpamendu basera iritsi ziren. Aklimatazio lanetan hasi eta uztailaren 31n 5.500 metrora zeuden. Kanpamendu basean bi eguneko atsedenaldia hartu eta gero, eta lauzpabost egun on espero zirenez, Korzgeneskayarako igoera azkarra egitea erabaki zuten. Abuztuaren 3an goizeko 6:00etan atera ziren, 5.100 metrotan zegoen lehen kanpamendura iritsiz. Hurrengo egunean 5.600 metroan muntatu zuten kanpamendua, eta hurrengo ekinaldian 5.800 metrora iritsi ziren. "Egindako bideaz gain, Moskvina glaziarra ikusi zitekeen bertatik gure oinen azpian, eta mendebalderantz luzatzen den Pamirreko zatia. Nahiko kanpamendu ezerosoa da, oso ezaguna bertara hurbiltzen diren mendizaleen artean; ez baitira asko hemendik pasa eta kakalarri eta botagurarik gabe jaisten direnak, nonbait elur ura oso ona ez delako" dio Axierrek. Hurrengo ekinaldian 6.400 metroraino igotzea lortu zuten, mendiko zati teknikoena gainditu eta gero. Mendiaren hego-isurialdetik hego-ekialdera igaro ziren. Pamir mendikatea bere osotasunean eta urrunean Karakorum ikusten zuten. Eguraldia eta gorputzaldia lagun, abuztuaren 7an, 14:00etan eta laino finen artean, Korzgeneskayako gailurra zapatzea lortu zuten. Komunismo, gutxigatik baina zapaldu gabeKomunismo menditik eguraldiari dagokionez berri onak zetozenez, abuztuaren 11n Komunismorantz abiatu ziren (7.495 m) biak. Orain gutxi izena aldatu zioten mendiari, eta egun Ismail Somini da, X.-XI. mendeetan Tayikistan gobernatu zuen erregearen oroimenez. Dena dela, Komunismo izenarekin ezagutzen dugu gehienek. Abuztuaren 12an 4.600 metrotan zeudenean, ekinaldian bakarrik geratu zen Axier, Endika ondoezik zegoelako. "Lau egun zeramatzan gorputzaldiari buelta eman ezinik. Ni indartsu eta gogotsu nengoenez, goraka jarraitzea erabaki nuen, hori baitzen nire Leopardo de las Nieveseko laugarren mendia egiteko aukera" dio. Leopardo de las Nieves Soviet Batasun ohiak banatzen zuen saria zela azaldu digu Larrionek, eta horretarako Soviet Batasuneko 7.000 metro baino altuagoak diren bost mendiak igo behar zirela. Axierrek Korzgheneskaya, Lenin eta Khan Tengri igoak ditu, eta Pobeda eta Komunismoa falta zaizkio. Bada, hurrengo lau egunetan eguraldi zoragarria izan zuen Axierrek eta 7.000 metrora dagoen laugarren kanpamendura iristea lortu zuen, gailurrera iritsi aurretik dagoen azkenera. Hurrengo egunean, goizeko 6:00etan gailurra jotzeko asmoz atera zen Axier, "baina nire nahia eta gogo guztia zapuztu egin zen, 495 m gorago zegoen tontorra lainopean ezkutatuta baitzegoen, eta handik gutxira ni neu ere elurpean nengoelako. 14 orduz elurretan egon eta gero aukera bakarra behera jaistea zela erabaki nuen, egun bat lehenago gailurrera iritsi zirenen pausoen atzetik. Hurrengo egunean maldan behera hasi nintzen, aztarna berria eginez, eta zorionez 1.000 m beherago beste hiru mendizaleren aztarna berriak topatu ninduen eta honek lagundu ninduen" dio Axierrek. Altsasuko mendizaleak kontatu digunez, 12 ordu luze eta gero abuztuaren 17an lortu zuen kanpamendu basera iristea, eta bigarren saiakera bat egitea baztertu zuten. "Bertan kanpamendu baseko antolakuntzakoak eta gu biak bakarrik geratzen ginen, mendian sekulako elur jauzi izugarria zegoen eta eguraldia oso txarra zen. Horrela, abuztuaren 21ean bueltako helikopteroa hartu genuen Tayikistango hiriburu den Dushaberaino joateko. Pozik eta era berean tristeSentsazio gazi-gozoa du altsasuarrak: "kpozik nago bizitako esperientziagatik, baina Komunismoko tontorra zapaldu ez izanaren arantzarekin. Horren gertu izan eta gero!" aitortzen du. Han zegoela ez zela itzuliko esan omen zuen Axierrek, baina orain, beste perspektiba batekin, ez du baztertzen. "Gustatuko litzaidake Leopardo de las Nieves-eko bost mendiak igotzea, baina proiektu handinahia da. Egoerak eta denborak esango du" dio. Axier Larrionek 10 urte daramatza opor egunetan mendi irteerak egiten. Hurrengo urtean nonbaitera joango dela ez du zalantzarik, baina oraindik ez daki nora. "Himalaya? Hori oso salto handia da. Probatuta daukat eta talde on eta sendo batekin joan behar zara. Gutxienez bi hilabeteko egonaldia egin behar duzu, oso garestia da. Konplikatua. Dena dela, aurtengo udan sakandar ugari mugitu da mendira, eta polita litzateke Sakana mailan halako espedizioren bat egitea. Zaila da, baina..." amesten du altsasuarrak. Ea ametsa gauzatzerik dagoen.