Gaztetxearen 20. urteurrena urte guztian ospatuko da

Guaixe 2009ko urriaren 12a

Bezperako umore jaialdiaren barreen oihartzuna gaztetxetik alde egin gabe zeudela eta kalderete txapelketan eten bat egin ondoren, gazte mordo bat bildu ziren larunbatean prentsaurrekoa emateko. Heldu den urteko lastailaren 5ean 20 urte beteko dira Altsasuko gazteek eraikina okupatu eta gaztetxea sortu zutenik. Altsasuko Gazte Asanbladako (AGA) kideek prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, urteurren borobil hori ospatzen azaroan hasiko dira. Aurreratu zutenez, "hilero borroka batean zentratuko gara, hitzaldiak antolatuz, dokumentalak ikusiz, festak ospatuz eta abar". Horrekin batera, urtero errepikatzen dituzten dinamikak ez dira bazterrean geldituko (Alde Zaharreko festak, street basket-a, mus txapelketak, kontzertuak). Urteurren ospakizunen barruan ere Maragatoia jai erraldoi mugikorra prestatzeko asmoa ere aurreratu zuten. FilosofiaAGAk emandako prentsaurrekoan nabarmendu zuen bere jokabidea "autogestioaren eta konpromisoaren bidetik herritik eta herriarendako ekintzak" antolatzean datzala. Gazteen esanetan "kultura parte-hartzaile bat sortzen ari gara. Kultura berri bat. Herrikoia eta autogestionatuta". Eta hori "kontsumoaren jendarteak gazteoi eskaintzen" dienarekin kontrajarri zuten, "beste jendarte eredu baten aldeko" deia egitearekin batera. Gazteen egoitzak bizi duten jazarpenaren aurrean "elkarrekin lan egiteko hautua" eta "autogestioa bizi filosofia eraginkor eta beharrezko" gisa defendatu zuten.PostontziakAGAko kideek hainbat postontzi jarriko dituzte. Haien bidez "gure egoera eta ekintzak hobetzeko, herriak gaztetxeari buruz daukan iritzia jakitea gustatuko litzaiguke". Gazteen ustez "ideia interesgarriak eta alorren batean hobetzeko planteamendu ezberdinak atera daitezke". IrunMaiatzean altsasuarrek egindako bisita bueltatuz larunbatean Irungo LaKaxitako kideak Altsasun izan ziren.