Musika Eskola: ikasturte berria, egoitza berria

Guaixe 2009ko urriaren 14a

Altsasuko Udal Musika Eskolak ikasturte berria egoitza berrian mustu du. Mojen ikastetxean egokitze lanak despeditu eta gero, lastailaren 5ean hasi zuten han ikasturte berria ikasle eta irakasleek. 1,3 milioi euroko aurrekontua izan dute lanek eta Kultura Ministerioaren kooperazio kulturalerako programak finantzatu zuen. Josu Estarrona Elizondo zuzendariak esan digunez, 13 irakaslek 187 ikaslerik ematen dizkiete klaseak. Eskaintza iazko bera: ohiko haizezko instrumentu, biolin, gitarra, piano, txistu edo akordeoilarien ondoan, bateria, gitarra eta baxu elektrikoko ikasleak egonen dira, baita konbo edo alboka eta gaita ikasleak ere.Egoitzari dagokionez, "txikieria batzuk falta" direla esan digu Josuk. Bestela, zuzendariak aitortu digu egoitza "kristorena" dela. Nabarmendu duenez, "teknikoki, akustikoki edota hosgabetze aldetik ongi pentsatuta dago". Egoitza berriari neurria hartzen ari direla esan digu Josuk, "behar ditugun gelak eta zenbat denbora behar ditugun" zehazten ari dira. Hala ere, aitortu digu herriko musika erakundeak egoitzan egotea nahi luketela. Haietako bat, trikitixa eskola, dagoeneko musika eskolan dago. Egokitzen ari diren bitartean eraikinaren mustutze ekitaldia zehazten hasi dira. 5 irakasle berriOposizio lehiaketa bidez 5 irakasle plaza bete ditu udalak. Proposatutakoak honakoak izan dira: soinu handi eta txikiko irakasle lanposturako Iban Galdos Lizarazu; gitarrako Puri Alzelai Iriarte; Musika Hezkuntzako, Eskolaniako eta Abesbatzako irakasle Jesus Mari Beltza Egozkue, baita musika hizkuntzarako ere, eta, azkenik, piano eta teklatuko irakaslerako Miriam Perez Fernandez De Landa.