Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean egindako bilkuran Altsasuko Udalak sozietate publiko bat sortzeko aurreneko pausua eman zuen. UPNren abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko bozarekin, sozietate horren memoria eta estatutuak onartu ziren. Udalaren oniritzia jaso eta gero jendaurrean jarri beharko dira orain. Zelandi Altsasu SL behin behineko izena du udalak sortuko duen sozietateak. Erakunde berriaren helburua izanen da udal jardueran eraginkortasun handiagoa lortzea. Horretarako hiru asmo edo xede izanen ditu. Lehenik, herrian bizi kalitatea handitu eta aberastasuna sortzeko zerbitzuen eskaintza hobetu. Azken batean, Altsasuren kultur eta gizarte garapena da bilatzen dutena. Enpresa publikoaren bigarren xedea herriaren garapen ekonomiko eta soziala sustatu eta bultzatzea da, hainbat jarduera sustatuz. Eta, azkenik, udalerriko higiezinen patrimonioaren kudeaketa eta dinamizazioa bultzatzea izanen du xede enpresa publiko berriak. Erakunde horren zuzendaritza udala izanen da. Udalak berak aurreikusi du heldu den urte hasieratik enpresa berriak herriko kirol azpiegiturak kudeatzea. 3.300 euroHori da udal sozietate berriaren kapitala.