Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, iaz mustu zuen Altsasuko Kima Euskara Taldeak Bertsoberriz, Altsasun zikloa. Esperientzia positiboaren ondoren, egitasmoa errepikatuko dute aurten. Bertso saio klasikotik egitasmo berritzaileetara, hamaika aukera ekarriko ditu Bertsoberriz zikloak, guztiak ere helburu berarekin: altsasuarren eta sakandarren artean bertsozaletasuna zabaltzea eta sustatzea. Gaur gauean emanen diote hasiera zikloari, bertso afari ederrarekin. Antolatzaileek Altsasuko Udalaren, Sakanako Mankomunitatearen, Altsasuko Gaztetxearen, Euskarabidearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izan dute. Zelaieta eta Irazu mahaianBertso afariak irekiko du Bertsoberriz zikloa, gaur, 21:30ean. Ferietako jai giroan murgiltzeko aukera polita izanen da. Bertsozaleek Altsasuko Amandrea elkartean dute hitzordua. Bertaratzen direnek Jesus Mari Irazu eta Julen Zelaieta bertsolariekin banatuko dute mahaia; ibilbide oparoko bertsolari beteranoa batetik eta gorantz doan gaztea bestetik. Bertso afrirako txartelak Iortia kultur gunean eskuratu daitezke 14:00ak arte. IragarpenakKate luzearen hasiera baino ez da izanen gaurkoa. Aukeran izanen dira bertso saio klasikoak eta bertso molde berriak. Azken horien adibide da Bertsound systema, bertsolaritza eta rapa uztartzen dituen ikuskizuna. Estilo eta jatorri ezberdineko bi adierazpen, baina biak ere oinarri berarekin: inprobisazioa. Bertsolariak rap abeslari eta disko jartzaileen artean eta haiekin batera ariko dira kantuan. Altsasuko Gaztetxeak hartuko du emanaldia. Data zehazteke dago. Betiko bertso saioak ere lekua izanen du Bertsoberriz, Altsasun zikloan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan lehian ariko diren 6 bertsolari izanen dira kantuan Altsasuko Iortia kultur gunean. Ez da nolanahiko aukera, lau urtean behin jokatzen baita txapelketa handia. Antolatzaileek data aurreratu ez badute ere, jakinarazi dute Iortia kultur etxeko areto txikiak hartuko duela emanaldia. Beraz, sarrerak lehenbailehen jasotzera animatu dituzte bertsozaleak. Zikloa despeditzeko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa jokoan dela baliatuz, bertsora hurbiltzeko saioak antolatu dituzte. Modu praktiko, parte-hartzaile eta dibertigarrian bertsolaritzara hurbiltzeko aukera izanen dute gazteek.