Ziza erakusketak itxiko ditu Mikologia Jardunaldiak

Guaixe 2009ko urriaren 15a

Ia bereak eman ditu aurtengo Altsasuko Mikologia Jardunaldiak. Hiru eguneko hitzaldi eta dokumentalen bidez, mikologian jantzi dira zaletuak. Teoria utzi eta praktikarako unea iritsi da orain. Horretarako aukera ematen du Altsasuko ferietako ziza erakusketak. Gure Etxea eraikinean egonen da ikusgai, domeka goiz eta arratsaldean. Urte onaUda lehorraren ondoren, larri zeuden bazterrak. Baina hilabete hasierako epeltasunak eta ondorengo euri gozoak erabat irauli du egoera: ez bairik gabe, ontto urtea izan da aurtengoa. Agerian geratuko da hori domekako erakusketan. "Azken urtetan baino boletus eta amanita gehiago atera dira. Beste urtetan ikusten ez diren espezieak ikusteko aukera izanen da" ziurtatu du Altsasuko Mikologia Elkarteko Joserra Belokik. Ziza espezie anitzetaz gozatzeaz gain, mendian sortutako zalantzak argitzeko aukera eskainiko dute adituek. Bestalde, mikologia elkarteko kideek eskuorri bat banatuko dute. Bertan bildu dute ziza biltzaileak basoan izan behar duen jokaera; "ohiko mendizaleak ez du ezer berririk aurkituko, baina egun hauetan bakarrik ateratzen direnendako baliagarria izan daiteke" dio Belokik. TrukeaInguruko herrietako ziza zaletuen laguntza eskertu du Altsasuko elkarteko Joserra Belokik. "Etxarri Aranazko eta Araiako lagunen laguntza izan dugu" adierazi du. Joan zen astean egin zen erakusketa Etxarri Aranatzen eta datorren astean Araiak hartuko du lekukoa. "Guztiak lehian aritu ordez, elkarren arteko trukea egiten dugu; hiru erakusketak aberasten dira horrela" esan du. Aurtengo Mikologia Jardunaldiak agurtzeko, afarira gonbidatuko dituzte antolaketan parte hartu duten lagunak.