Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Raul Calvo de la Fuente eta Ascension Galan Sevilla bikote altsasuarrarendako motorra da bere bizitzetako ardatzetako bat, inportanteena akaso. Raulek 39 urte dauzka eta 20 urte baino gehiago daramatza motorrekin bueltaka. Bere zaletasun hori neskalagunari pasa zion eta ordutik ahal dutenean motorra hartu eta bideak eramaten dituen tokietara, kilometroak eta kilometroak eginez, bidaiatzea maite dute biek. Zaletasunak bulkatuta mototurismo txapelketetan lehiatzen hasi ziren eta, horrela, 2004an Espainiako Mototurismo Txapelketa irabazi zuten bikote edo tandem mailan. Aurten ere txapelketa hori bera irabazi berriak dira. 2009ko Espainiako Mototurismo txapeldunak dira tandem mailan eta Raul bosgarrena sailkatu da gidarien txapelketan. Sei probaEspainiako Mototurismo Txapelketak sei proba zituen aurten, aurrekoetan baino gutxiago, krisiaren eraginez nonbait. Apirilaren 25ean Tarragonara jo behar zuten parte hartzaileek euren bizitokietatik, maiatzaren 16an Madrilera, ekainaren 20an Donostiara, uztailaren 18an Algecirasera, abuztuaren 29an Vigora eta irailaren 18tik 20ra bitartean Granadako Sierra Nevadara. Aurten federazioak atzerrira antolatutako bi probek, Croaciara eta Suitzara, ez zuten puntuatzen, nahiz eta aurreko urtetan bai, baina altsasuarrek joatea erabaki zuten. "Mototurismoan ez da abiadura kontuan hartzen, hau da, zure bizitokitik proben tokietara ahalik eta denbora gutxienean heltzea eta halako kontuak. Antolakuntzak zehaztutako orduetarako heldu behar zara tokira, eta orduan probak pasa behar dituzu" dio Raulek. Galdetegiak eta erregulartasunaProba horiek motoristek herri bakoitzean osatu beharreko galdetegiak ziren. "Adibidez Donostian galdetu ahal zuten zenbat kubo zituen Kursaalek edo txalaparta zer zen eta halako gauzak, bertakoak. Hortaz, zu motorrarekin toki horietara joan eta eskultura edo dena delakoetan jarritako inskripzioak irakurri behar zenituen eta tokia ezagutu" gaineratzen du gidariak. Norbaitek erantzunak internet eta beste erabiliz osatzeko tentazioa izan zuen, baina azken proban zeuden berdinketak apurtzeko tokiak deskribatzea eskatu zien antolakuntzak, eta hor ikusi zen motoristak tokietaraino joan ziren ala ez. Horretaz gain, erregulartasun proba bat gainditu behar izan zuten Algecirasen. "Esaten dizute bataz besteko 36 km orduko abiadura duzu hemendik X tokira joan, toki hura bisitatzeko 15 minutu eman eta atzera ere hona etortzeko. Kronometratzen dizute eta beraiek matematikoki badakite zein denboran bueltatu behar zaren, eta denbora horretatik ahalik eta hurbilen iristea da kontua, eta horren arabera puntu gehiago edo gutxiago emango dizkizute. Kontuan izan behar duzu toki batzutan atzerapenak izan ahal dituzula eta hori konpentsatzeko beste batzutan abiadura handiagoan ibili beharko zara" azaltzen du altsasuarrak. Bada, altsasuarrek primerako lana egin zuten, tandem edo bikote mailan txapeldunak izan baitziren. Horretaz gain, Raul bosgarrena sailkatu zen gidarien txapelketan. Domina eta diplomaz gain BMW enpresa laguntzaileak oparitutako bi motor traje eskuratu zituzten. Hasieran 200 motor baino gehiago hasi ziren txapelketan parte hartzen, proba guztiak 50 baino gehiagok egin zituzten eta azkeneko proba eta gero 12 berdinketa zeuden, galdera eta besterekin hautsi zena. Hortaz, pozik egoteko moduan dago biko altsasuarra, eta hurrengo urtean atzera ere txapelketan parte hartzea dute buruan. AmetsakEgun Honda Pan European ST 1.300 motorra da dutena, eta pozik daude berarekin. "Lau urtetan 160.00 km baino gehiago egin dizkiogu inolako arazorik gabe, kontentu gaude" dio Raulek. Ez dira ziztu bizian ibiltzen diren horietakoak. "Demostratuta dago 120-130 km/orduko abiadurarekin gutxiago nekatzen zarela, motorrak gastu gutxiago duela eta gutxiago geratu behar zarela gasolioa botatzera. Gureak turismoa egiteko motorrak dira, maletak dituztenak, eta paisaiaz disfrutatzea eta tokian tokiko gastronomiarekin gozatzea da gure helburua" nabarmentzen du Raulek. Oporraldiak halako txapelketetan parte hartzeko eta bidaia luzeak egiteko aprobetxatzen dituzte, eta bizpahiru astebururo motorra hartu eta bidaia egitera doaz. "Motorrean bidaiatzean inguruarekin zaude harremanetan, dena ikusten duzu, askatasun gehiago ematen dizu. Sentsazioa ezberdina da, gauzak ikusteko beste modu bat da. Todoterreno bat erosi genuen baina emazteak ez zuen nahi bertan bidaiatu, nahiago du motorrean joan, aipatutako sentsazio horiengatik" gaineratzen du Raulek. Bost urte daramatzate motoarekin Marokoraino joaten eta joan diren toki urrunena Cabo Norte da, Nord Kapp, Norvegiako iparraldean. Europan barna ibili dira - Portugal, Frantzia, Italia, Kroazia, Belgika, Hungaria, Alemania, Austria, Txekia... - , eta euren ametsa Afrika zeharkatzea eta Patagonian ibiltzea litzateke. Nepaleko bidaia atzeratu behar izan zuten, eta egiteke dute. Finean, euren mundua da mototurismoa, eta mundu horri lotutako lagun asko dituzte. Horietako bat Emilio Scotto da, bere etxetik atera eta 10 urte munduan barna motorrarekin bidaiatzen eman zituen hegoamerikarra. "Motorrarekin 8 hilabetetan munduari buelta emateko proiektua du. Herrialde ezberdinetako 12 motorrek taldea osatu eta proiektua gauzatzea du buruan eta finantziazio bila dabil. Lortuz gero bertan aritzera animatuko ginateke" dio, animatuta, Raulek. Ea ametsak gauzatzen diren. www.rfme.comEspainiako Mototurismo Txapelketako informazio guztia jasotzeko web gunea.