Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera onddoen lasterketa antolatu du bihar Altsasun, ferietan gauzatuko den ekitaldia, hain zuzen. Helburua onddoaren ibilbidea egitea da, Altsasuko San Pedro parajeetan eta basoetan barna, modu herrikoian. "Proba ez lehiakorra da, eta jende guztia bertan aritzera animatu nahi dugu. Horregatik ibilbideak ia 7 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: atletismoa praktikatu eta lasterketetan aritzen direnak, korrika egiten dutenak, baina lasterketetara ateratzen ez direnak eta besterik gabe goiza eder bat pasatu nahi dutenak. Familiartean, lagunartean... izan ere, nahi duenak oinez ere egin dezake ibilbidea, asmoa ongi pasatzea delako, inolako lehiakortasunik gabe" dio Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak. Proba ez lehiakorra denez ez da kuotarik ordaindu beharko ez sailkapenik egongo eta korrikalariak erritmo lasaian ariko dira, edozeinek jarraitzeko moduan, helburua sakandarrak korrika egitera animatzea baita, ez lehiatzera. Aurten bereziki emakumeak animatu nahi dituzte. Horregatik "Korrika egin nahi duzun bezala. Emakumeak, kirola eta gehiago" lelopean antolatu dute lasterketa. "Ez dago inolako aitzakiarik, edozein emakume aritu daiteke eta hori da nahi duguna, euren presentzia" gaineratzen du Peio Bergarak. Guztiendako sariakIa 7 km-ko lasterketa da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan hain zuzen. Bihar, larunbatean, 12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta, nahi dutenek likidoen horniketa postua izango dute eskura bertan. Ondoren, baso itxitik Dantzalekurako bidea hartu eta Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa amaitzeko. Proba ez lehiakorra denez, ez da saririk egongo. Hobeto esanda, korrikalari guztiak saridun izango dira. Guztiek onddoen lasterketako kamiseta ederra jasoko dute opari eta Altsasuko feriekin zerikusia duten produktu tipikoen zozketa eginen da denen artean. Txistorra, patea, gazta, onddoak eta bestelako produktuekin osatutako 50 lote inguru zozketatuko dituzte, eta bukaeran auzate ederra izango da guztiendako. Lasterketetan parte hartzeko nahikoa da egunean bertan Altsasura hurbiltzea eta herriko plazan izena ematea. Iaz 120 aritu ziren helduen mailan eta 65 haur inguru, eta kopuru hori gainditzea nahi dute antolatzaileek, eguraldi ona iragarri dutela kontuan hartuta. Hasieran eskola krosaren 30. edizioaOnddoen lasterketa baino lehen, goizeko 11:00etan, Eskola Krosa abiatuko da. Aurten 30. edizioa beteko du bere garaian Cross Popular Alsasua izenarekin jaio zen probak. "1979ko irailaren 9an jokatu zen lehen edizioa, Altsasuko festak baino lehenago. Beranduago eskola krosa izena hartu zuen garaiko bost ikastetxeetako - Iñigo Aritza, Zelandi, Korazonistak, Kaputxinoak eta La Compasion Mojak - haurrek parte hartzen hasi zirelako eta ferietara aldatu zen data" gogoratu du Bergarak. Prebenjamin mailatik hasita kadete mailaraino, kategoria guztietako lasterketak Foruen Plazaren inguruan prestatutako zirkuituan izanen dira. Haur guztiek onddoen eguneko kamiseta, zukua eta goxoren bat jasoko dute. "Lehen herriko haur guztiak aritzen ziren eta orain gehiago atletismoan aritzen direnak, eta ez dugu hori nahi, lehengo izpiritu hori berreskuratu nahi dugu. Haur guztiak anima daitezela, ongi pasatzeko ekitaldia baita. Korrikak duen "sufrimendu" edo gogortasun mito hori kendu nahi dugu, sarritan norbait zigortzeko korrika egitera derrigortzearen joera horren kontra egitera. Korrika egitea ederra da eta denok disfruta dezakegu" nabarmentzen du Altsasuko korrikalariak.