Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken bilkuran Altsasuko Udalak horietara publiko gisa doazen pertsonek hitz egiteko txandak arautu zituen. Araudi berriaren arabera publikoa hari egokitutako tokian egon beharko da, isilik. Herritarrek udal bilkuran hitza hartzeko aukera izanen dute haiendako propio eskainitako galdera eta erreguen txandan. Horretaz gain, ezohiko kasuetan, plenoa etengo da eta gai ordenan dagoen gai bati buruzko iritzia emateko aukera izanen dute herritarrek, beti ere, eztabaida eta bozaren aurretik. Udalak ere bilkuretan pankarten erakusketa arautu zuen. Erabakitakoaren arabera zinegotzien interbentzioekin ados edo kontra dauden pankartak, sinboloak edo bestelako adierazpiderik ezin izanen dira erakutsi publikoaren tokitik. Horrekin batera, araudi berrian zehazten da kontrako adierazpenak zein diren: alderdi, udal talde, pertsona edo kargu publiko bat zuzenean eta pertsonalki era iraingarrian aipatzen dituztenak. Muturreko egoeretan bilkura normaltasunez garatzeko ateak itxita egitea aurreikusten da. Araudiaren alde NaBai-k eta NEB-IUN-ek bozkatu zuten. Ezker abertzaleko zinegotziak abstenitu egin ziren eta PSN eta UPNkoek kontrako boza eman zuten.