Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguzkia atera, atera zen, baina hotz galanta egiten zuen larunbat goizean. Hala ere, korrika egiteko egun aproposa zen benetan, eta guztira 200 korrikalari animatu ziren Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatutako onddoen lasterketan parte hartzera. Altsasuko proba ez lehiakorra zen, eta erritmo lasaian egun polita pasa eta onddoen bizileku artean gustura korrika egitea zen helburua. Eta lortu egin zen. Lehenik eta behin kategoria txikiko neska-mutikoak aritu ziren lanean Altsasuko Foruen plazan prestatutako zirkuituan. Eskola Krosaren 30. edizioa zen eta 60 haur animatu ziren korrika egitera. Guztiek kamiseta jaso zuten opari, eta indarrak berreskuratzeko txokolatina eta ura. Antolatzaileak oso pozikEguerdian helduen txanda izan zen. 140 korrikalarik hartu zuten parte, tartean 22 emakumek. Horregatik kontentu zeuden antolatzaileak, aurten bereziki emakumeak animatu nahi zituztelako korrika egitera, eta helburua bete zen. "Emakume asko atera ziren, 22 eta hori poztekoa da. Oso kontentu gaude lasterketak izan zuen erantzunarekin, atletismoaren festa izan baitzen. Korrikalari gehienak sakandarrak ziren, baina baita Iruñetik, Gipuzkoatik eta hainbat tokitatik etorritakoak, eta asko ezagunak, Nerea Abrego eta Javier Nagore esaterako. Baina ez ziren lehiatzera etorri, egun polita pasatzea baino. Iritsi ziren lehen hiru korrikalariak ere besotik helduta sartu ziren, gurea proba ez lehiakorra zelako" adierazi du Dantzaleku-Sakanako Peio Bergarak. Foruen plazatik atera, eta Pilotajaukutik basorako bidea hartu zuten, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedron likidoen horniketa postua jarri zuten Dantzalekukoek hala nahi zutenendako, eta basoitxiko paraje zoragarrian barna Dantzalekurako bidea hartu eta Maibelotik barna atzera ere Foruen plazara heldu ziren, lagunartean eta giro ederrean ia 7 km osatu eta gero. Proba ez lehiakorra zenez, ez zen trofeo eta txapelik banatu. Korrikalari guztiak izan ziren zorteko, gustura pasatzeaz gain kamiseta eta auzate ederra izan baitzituzten opari. Gainera, Altsasuko ferietako produktu tipikoen 84 lote zozketatu ziren guztien artean, eta baita onddoen hiru lote. Kasu honetan Nerea Abrego, Amaia Zelaia eta Tomas Mauleon izan ziren zortekoak, eurendako izan baitziren. Medikuei omenaldiaOnddoen lasterketan antolatutako lasterketetan euren laguntza ematen duten Iñaki Otermin eta Martin Mazkiaran medikuak omendu nahi izan zituzten Dantzaleku Sakanakoek. "Prestatzen ditugun proba eta lasterketa guztietara etortzen dira, zerbait gertatzen bada osasun laguntza emateko. Euren laguntza handia da eta omenalditxoa egin nahi genien. Horrela, Zapak egindako onddo eder batzuen errepika oparitu genien" azaldu du Peio Bergarak.