Josefina Arregi klinikako arreta sanitarioa Osasunbideak bere gain hartzeko eskatu du udalak

Guaixe 2009ko azaroaren 4a

Altsasuko Udalak aho batez onartu zuen Osasunbideari eskatzea bere gain hartzeko Josefina Arregi klinikako epe motzeko ospitaleratzeko arreta sanitario guztia. Eskaera horrekin batera, Altsasuko Udalak aurreko ostegunean egindako osoko bilkuran beste bi eskaera egin zituen. Batetik, Osasunbideak heldu den urtetik aurrera zentro psikogeriatrikoak eskaintzen duen kanpo kontsulten zerbitzua mantentzea ahalbidera dezala, horretarako bere kostuaren kargu eginez. Altsasuko Udalak egin zuen beste eskaera Gizarte Zerbitzuen Departamentuari zuzendutakoa izan zen. Josefina Arregi klinikako eguneko zentroarekin hitzarmena egiteko eskaera egiten du udalak, "dagoen baliabidea erabiliz eskualderako ezinbestekoa den gizarte zerbitzua bermatzeko". Horrekin batera, Gizarte Zerbitzuen Departamentuari udalak eskatu dio ikertu dezala Dependentzia Legearen arabera eguneko zentroetarako zenbat plaza behar diren eskualdean. Horren arabera, Sakanako beharrei erantzuteko zentroa handitzeko aukera aztertzeko eskaera ere luzatu du udalak. ArgudioakNaBaik aurkeztutako mozioan gogora ekarri da urte akaberan despeditzen dela klinikaren eta Osasunbidearen arteko hitzarmena, 2006an sinatutakoa. Han soilik epe motzeko ospitaleratze zerbitzuaren zati bat besterik ez da jasotzen, klinikak eskaintzen dituen beste bi zerbitzuak kanpoan utziz. Udalaren ustez "hitzarmen berriaren negoziazioan finantzazio eredu egonkor bat sortzeko garaia da, klinikak ematen dituen zerbitzuak bermatzeko". Aldi berean, aurreko ostegunean gogorarazi zen ibarrean dagoen eguneko zentro bakarra dela Josefina Arregi klinikakoa. Baita "Sakanan dugun espezializatutako zerbitzu bakarrenetakoa" ere. Altsasuko osasun zentroa ostiralean Nafarroako Parlamentuko Osasun  Batzordean hizketa gai izanen da, NaBai-k Osasun Departamentuaren eta Arfe-Felipe Lecea Fundazioaren arteko hitzarmenaren etorkizunari buruzko galdera aurkeztu baitu.