Acilu omendu zuten "etxekoek"

Guaixe 2009ko azaroaren 5a

Omenaldiz omenaldi eta sari banaketa batetik bestera dabil Agustin Gonzalez Acilu. Jaio zenetik 80 urte bete diren honetan, guztiek aitortu nahi dute altsasuarrak musika garaikidearen historiari egindako ekarpena. Omenaldi guztien artean bereziki gordeko du bihotzean urriaren amaieran Tres Cantoseko Nazioarte Jaialdian jasotakoa. Musika garaikidea bultzatzeko helburuz ospatzen den jaialdian, leku nabarmena izan du beti Agustin Gonzalez de Aciluk. Musikagile estimatua omendu nahi izan dute aurten. Gertuko lagunez inguratuta, etxean bezala sentitu zen. Bere biografo Marta Cureses, bere ikasle eta musikagile ezagun Teresa Catalan, bere lagun Carlos Cruz de Castro musikagilea eta Nafarroako Gobernuko delegatu Salvador Estebez ondoan zituela agertu zen mahai inguruan. Altsasuko musikagilearen ibilbide oparoa deskribatu zuten guztien artean. Bere lanen aberastasun eta aniztasuna eta sormen gaitasuna nabarmendu zuten. Aciluren omenezko piano kontzertuarekin amaitu zen gau hunkigarria.