Zabaldu edo salaketa

Guaixe 2009ko abenduaren 2a

Zelandi kiroldegiko gas hornidura azaroaren 10ean eten zuen Gas Navarrak. Aurreko ostegunean Iberdrola izan zen elektrizitate hornidura moztu ziona kiroldegiari. Gas enpresari 50.000 euro zor dizkio Nitram Pool enpresa kudeatzaileak eta elektrizitate hornitzaileari 15.000 euro. Lehen erregaia eteteak igerileku estalirik gabe utzi zituen erabiltzaileak, bigarrenak kiroldegia itxiarazi zuen. Udalak argi utzi nahi izan du erregaien hornidura mozketaren ardura bakarra Nitram Pool enpresarena dela. Altsasuko Udalak Nitram Pooli jakinarazi dio asteazkenerako kiroldegia baldintza egokietan zabaltzen ez badu "dagozkion neurri administratiboak eta legalak" aztertuko dituela. Altsasuko Udalak ez du baztertzen "kontratuaren suntsiarazpena onartzea kontratistaren ez betetze erruagatik", udalaren ustez "kontratatutako eta adostutako zerbitzua ez delako baldintza egokietan ematen ari".Nitram Pool enpresa kudeatzaileak udalari eskatu zion kontratua bertan behera uztea azaroaren 24an. Udalak ez zuen eskaera onartu eta ekainean sinatutako kontratua betetzea eskatu dio. Hau da, "kirol azpiegituren irekiera eta funtzionamendua bermatu behar du" Nitram Pool-ek. Udalak kontratuaren bere zatia bete duela adierazi du: hilero 11.000 euro ordaindu ditu kirol azpiegitura guztien kudeaketagatik eta Nitram Poolek justifikatu dituen galerak ordaindu ditu (irailean irabaziak izan zituen eta urriko dokumentazioa ez du aurkeztu).