Larunbatean 500 pertsona inguru bildu zituen Altsasuko Errepresioaren Aurkako Topaketak (EAT) deituta. "Epaiketa politikorik ez! audientzia nazionala, stop!" leloa izan zuen mobilizazioak eta, haren bidez, auzitegia salatu eta aurki han epaituko dituzten bi herritarrei elkartasuna adierazi zitzaien. Jakina denez, Ramon Lopez Cid, Makana, eta beste 12 euskal herritar abenduaren 9, 14, 15, 16 eta 17an epaituko dituzte, "atxiloketa prebentiboen" epaiketaren barruan. Datarik ez du oraindik, baina Joseba Garmendia Udalbiltza auziaren barruan epaituko dute auzitegi berean. Manifestazio bukaeran EAT-tik esan zuten Auzitegi Nazionaletik ez dela "gauza onik" etortzen. Aldi berean, pasa den asteko atxiloketen kontura "estatuak errepresioarekin jarraitzeko beste borondaterik ez" duela, eta "Audientzia Nazionala erabiliko" duela epaiketak egiteko. MobilizazioakJoseba Garmendiak gogora ekarri zuen Bushek "gerra prebentiboak egin aurretik, Aznarrek atxiloketa prebentiboak egiten" zituela. Horrekin batera Garmendiak nabarmendu zuen Nazio Batuen Erakundearen Giza eskubideen batzordeak Espainia salatuz txostena eman zuela. Abenduaren 12an, 17:00etan, Iruñean egonen den manifestazioan parte hartzera deitu zuen, "Makanak biziko duen epaiketa salatzeko". Manifestazioak "torturarik ez, epaiketa politikorik ez, proiektu politiko guztien garapen posibleari bai" leloa izanen du. Altsasuko Errepresioaren Aurkako Topaketak aurreratu zuenez, Lopez Ciden kontrako epaiketak irauten duen bitartean udaletxe aurreko aldean 20:00etan bilkurak eginen dira. Epaiketa salatzearekin batera, sortzen den informazioa zabalduko da.Gose grebaAltsasuko Gazte Asanbladako (AGA) zenbait kidek abenduaren 3 eta 8a bitartean gose greba eginen dute, "epaiketa politikoak salatzeko, Altsasuko herria ezin baita bi bizilagunen aurkako erasoaren aurrean geldi egon". Labadero eraikineko gimnasioan eginen dute gose greba. Protestaldiak irauten duen bitartean AGAko kideek bi auzipetuen egoerari buruzko informazioa banatu eta hainbat jarduera antolatu dituzte. Horrekin batera, abenduaren 7tik 8ra eginen den "baraualdi masiboan" parte hartzeko deia egin du AGA-k. Abenduak 3. osteguna12:00etan Kontzentrazioa plazan eta informazio banaketa. 20:30ean Hitzaldia: Zer da gose greba bat? Abenduak 5, larunbata22:30ean Kafe-tertulia: epaiketak, atxiloketa prebentiboak, Audientzia Nazionala. Abenduak 6, domeka13:00etan Informazio banaketa. Abenduak 7, astelehena11:00etan Kontzentrazioak institutuetan. 20:00etan Kontzentrazioa udaletxe aurrean. 22:30ean Bideo emanaldia. Abenduak 8, asteartea19:30ean Giza-katea. Ondoren ekitaldia eta burrunba.