Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aberri Barandalla abeltzain etxarriarra ezaguna da bere behien esnearekin egiten dituen jogurt, gazta eta gazte freskoengatik. 2005etik aski ezagunak egin dira Jeingeneko Esnekiak gure artean. Barandallak orain ekoizle moduan beste urrats bat emanen du: esnea banatzeko makina jarriko du Altsasuko San Joan kalean. Hura hilaren 9an mustuko du eta ordutik aurrea edozeinek esne freskoa kontsumitzeko aukera izanen du. Etxola moduko batean egonen da esne makina banatzailea. Barandallak egunero edo bi egunean behin hornituko du. Esnea pasteurizatua egonen da, eta hotz, hiru eta lau gradu artean kontserbatuko baita. Bezeroek botila eraman dezakete, baina bestela han bertan eskuratzeko aukera izanen dute. Behin etxean bospasei egun baino lehen kontsumitu beharko da esnea. Lehen sektoreak bizi duen krisian ekoizletik kontsumitzailerenganako bidea egitea erabaki du Barandallak. Salmenta sistema hau abeltzainaren bizi iraupena bermatzeko modua da, etekinen tarte komertziala haien esku gelditzen baita. Prezioak20 zentimo, basoa. Euro 1, litro 1. 1,5 euro, 1,5 litro. Abenduak 911:00etan mustuko da. Auzatea eta esne botilak oparituko dira.