Osasun Kontseilua lehenbailehen biltzeko asmoz

Guaixe 2009ko azaroaren 3a

Asmo horrekin sartu da Burunda mendebaldeko Osasun Kontseiluan Arturo Carreño Ezker Batuko zinegotzia. Altsasuko Udaleko osasun, gizarte ongizate eta elkartasun batzordeko buru izatera pasa da Carreño Mari Jose Notario Grados zinegotzi sozialistak kargua utzi ondoren. Izendapenaren bozketan ezker abertzaleko zinegotziak abstenitu egin ziren eta gainontzekoak aldeko boza eman zuten. Udala kontseiluan ordezkatzen duen beste zinegotzia Antonia Roman (UPN) da. Arturo Carreñok jakinarazi digunez, "kontseilua osatzen duten 21 kideekin harremanetan jarri naiz jakiteko zein ordezkari bidaliko dituzten bileretara. Zerrenda osoa dudanean iparraldeko lehen mailako arretako arduradun den Marian Urrari jakinaraziko diot, berak bilera deitu dezan". Aurreko legegintzalditik ez da bildu osasun kontseilua eta Carreñoren iritziz zer hitz-egina badago, Esaterako "A gripearen txertaketa, Altsasuko osasun etxe berria eta beste". Aurreneko bileran osasun kontseiluko burua aukeratuko da.