Ferietako argazki ederrenaren bila

Guaixe 2009ko azaroaren 6a

Urtero bezala, Altsasuko Feriekin batera, kalera atera ziren zenbait argazkilari. Kamera digitala eskuetan, Altsasuko ganadu eta artisau azokan murgildu ziren, herriaren eta ferietako irudi ederrenaren bila. Aurten 35 lagunek egin zuten bat Altsasuko Mendigoizaleak taldearen deiarekin, 10 batek haurren kategorian eta helduenean gainerakoek. "Parte-hartzea beste urte batzuetan baino baxuagoa izan da, baina maila oneko argazkiak daude" aurreratu du Javier Zelaiak.Argazki horiek ikusteko aukera dugu gaur, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Argazki erakusketa eta proiekzioa antolatu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Sari banaketak itxiko du ekitaldia. 410 euro banatuko dituzte helduen kategorian eta trofeo eta opariak haurren mailan.