Bertsogintzan janzteko tailerra

Guaixe 2009ko azaroaren 10a

Udazkenak bertso afari eta bertso saio ugari ekarri ditu gurera. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ere gainean dugu. Horiei zuku guztia ateratzea nahi? Bada horretarako aukera eskaintzen du Altsasuko Kima Euskara Taldeak, Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzarekin: Bertsoberriz, Altsasun zikloaren barruan, bertso tailerra antolatu dute. Bereziki bertsotan gutxi edo ezer ez dakienari zuzenduta dago ikastaroa, baina bertsotan nolabaiteko jakintza dutenek ere lekua izanen dute. Inprobisazioaren arte honen nondik norakoak, trukuak, funtzionamendua eta beste ikasteko aukera emanen du tailerrak. Gainera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa jokoan dela baliatuz, finalaurrekoetan botatako bertsorik onenak aztertzeko aukera aparta izanen da. Josema Leitza bertsolari arbizuarrak gidatuko du tailerra. Lau saio izanen dira, bi ordu ingurukoa bakoitza.Gaur, 19:00etan, aurkeztuko da tailerra, Altsasuko Gure Etxea erakinean. Bertan adostuko dira tailerraren datak, beraz, garrantzitsua da interesatuak agertzea.