Lopez Cid-en errugabetasun printzipioa erreklamatu du udalak

Guaixe 2009ko azaroaren 12a

Abenduaren lehen hamabostaldian Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute Ramon Lopez Cid, Makana. Duela sei urte atxilotu zuten Lopez Cid. Beste atxilotu askoren kasuan bezala, Espainiako barne ministroak argudiatu zuen "ETAko kide izatera pasa baino lehen atxilotu zutela". Altsasuko Udalaren azken bilkuran ezker abertzaleko zinegotziek aurkeztutako mozioa onartu zen, haien eta NaBairen aldeko bozekin. NEB-IUN abstenitu egin zen eta PSN-k eta UPN-k kontra bozkatu zuten. Idatzian Lopez Ciden errugabetasun printzipioa erreklamatu zuen udalak. Horrekin batera, epaitegia "salbuespeneko tribunala" dela adierazi zen eta "epaiketa ez dela gutxieneko berme juridikoekin burutuko" adierazi zuen. Horrekin batera, adostu zen udalak herritarrak hilaren 28an eginen den manifestazioan parte hartzera deitzea, "epaiketa politikorik ez, audientzia nazionala stop!" leloarekin.