Sociedad Deportiva Alsasua IV. Erremonte Torneoa, abian

Guaixe 2009ko azaroaren 13a

Gaur, ostiral gauean hasiko da Sociedad Deportiva Alsasua Afizionatuen IV. Erremonte Torneoa. Gaurtik aurrera, bada, Burunda pilotalekuan erremonteaz gozatzeko aukera izanen da ostiral gauero. Aipatzekoa da partidak ikusteko ez dela sarrerarik ordaindu beharko, torneoa dohain baita. Jakina denez, Altsasun erremontearekiko zaletasun handia dago eta erremontista handiak izan dira -egun Remonteberri enpresako intendente den Kike Elizalde eta haren sendikoak, Elizaldetarrak, Plazabona, Urteaga, edo Xabi Gorriz, esaterako- eta zaleek oso gustura hartuko dute primerako erremonte torneoa Altsasun bertan lehian ikusteko aukera. Sei biko lehiatuko dira Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako torneoan, bi multzotan banatuta. A multzoan Isatxi-Zubeldia, Etxarri-Berastegi eta Retegi-Saldias ariko dira, eta B multzoan Arza-Garzes, Urrutia-Iriarte eta Ezkurra-Andiarena. Torneoan ariko diren erremontisten artean lau sakandar ditugu: Arza, Iriarte, Isatxi eta Berastegi altsasuarrak. Sociedad Deportiva Alsasuako Pablo Lopezek adierazi digunez, erremontea bulkatzea da torneoaren helburua, eta erremontean aritzen diren sakandarrak lehiatzeko aukera izatea. Jendea frontoira erakartzeko bidean eta erremonteak ikusle urriagoak dituela jakitun, sarrera dohain izanen da. Txapelketari dagokionez, multzo bakoitzaren barruan ligaxka jokatuko da, eta guztiek finalerdietarako sailkatu nahi izango dute. Finalerdiak abenduaren 4an jokatuko dira eta final handia abenduaren 11n. Gaurko jaialdiaAipatu torneoaren barruan, gaur, azaroaren 13an, 22:15etik aurrera, Burunda pilotalekuak ondoko erremonte partidak hartuko ditu: Isatxi-Zubeldia - Etxarri BerastegiArza-Garzes - Urrutia-Iriarte