Gasa ez ordaintzeak igerilekua ixtea ekarri du

Guaixe 2009ko azaroaren 17a

Aurreko ostegunean Zelandi kiroldegiko bainuen guneak ateak itxi zituen. Nitram Pool enpresak Gas Navarrari 50.000 euro zor dizkio eta ordainketarik ez dionez egin enpresak gas hornidura moztu du. Asteartean izan zen hori. Eguzki plaken bidez lortutako energia ez da nahikoa. Gasik gabe igerilekuko ura ezin da berotu eta berogailua ere ezin da jarri. Horrek bainu gunea ixtea eta igeriketa ikastaroak bertan behera uztea ekarri du. Asteazkenetik ez dago igeriketa ikastarorik. Altsasuko udaleko taldeak ostiralean bildu ziren eta erabaki zuten Nitram Pool enpresari egin beharreko ordainketak etetea. Jakina denez, udalak hitzarmena du enpresarekin. Haren arabera justifikatutako diru galerak udalak ordainduko lituzke. Horretaz gain, kiroldegiaren jarduna mantentzeko helburua zuen. Udalak eta enpresak hitzarmen hori ekainean sinatu zuten. 2010etik aurreraKapital publikoa izanen duen elkarte batek kudeatuko du kiroldegia.