Lopez-Mugartza Erronkari eta Ansoko toponimiaz

Guaixe 2009ko azaroaren 17a

Hilaren hasieran ikusi zuen argia Juan Karlos Lopez-Mugartzaren Erronkari eta Ansoko toponimiaz liburuak. Altsasuarraren doktore-tesia da eta Henrike Knörr katedradun eta euskaltzain osoa zenaren zuzendaritzapean burutu zuen. Liburuaren aurkezpenean, altsasuarrarekin bat egin zuten Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Azanza Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak.   Altsasuko filologoak Erronkaribarko eta Ansoko toponimia aztertzen ditu liburuan, hainbat faktore kontuan hartuz: semantikoa, morfologikoa eta fonetikoa, besteak beste. Ikertutako eskualdeen mapa zehatza ere eskaintzen du. Ia 700 orriko liburu mardulean bildu ditu aipatutakoak. Berritzaileenendako, CD batean ere argitaratu da ikerketaren emaitza. Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratzen duten Mendaur bildumaren bosgarren zenbakia da. 20 euroan jarri dute salgai. IbilbideaAltsasukoa du ama, baina Zaragozan sortua da. Euskal filologian lizentziatua  da (Gasteiz, 1985). 2006 urteaz geroztik Euskal Filologiako doktore dugu Euskal Herriko Unibertsitatean. 1990an Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen, eta gaur egun unibertsitate horretako irakasle titularra da Euskal Filologia arloan. Hizkuntza, Literatura eta Didaktikako ikasketak ematen ditu. 1990ean Nafarroako Toponimia Batzordean parte hartu zuen. Pirinioetako hiru eskualdetako (Erronkari, Anso eta Baretos) toponimia eta Erronkaribarko oikonomia, mitoak eta kondairak landu ditu bereziki.