Iaioak Nafarroako Kantu Txapelketako finalean

Guaixe 2009ko azaroaren 17a

Etxarri Aranazko eta Berriobeitiko kanporaketak entzun eta gero, erabakia hartu du epaimahaiak: Nafarroako Kantu Txapelketako bi kanporaketetan parte hartu zuten 22 partaideetatik 13 pasa dira finalera. Horien artean dago Altsasuko Iaioak taldea.Finala biharAzaroaren 21ean, larunbatean, 18:00etan jokatuko da finala, Elizondoko Lur aretoan. Sakanako ordezkaririk ez da faltako. Altsasuko Iaioak taldeak Ausaz egin dezagun kantua eskainiko du, Ella baila sola taldearen Lo echamos a suertes abestiaren bertsio propioa. Alazne Gineak, Olatz Monrealek, Leire Solanok eta Ainhoa Ramirez de Aldak jarriko dute ahotsa, Maite Gonzalezek baxua eta Endika Jakak bateria. Altsasuarrekin batera, Bera eta Etxalarko Baleike taldea eta Aurizberriko taldea lehiatuko dira taldeen kategorian. Bikoteak, berriz, Xanti Begiristain eta Rosa Diaz de Zerio, Naiara Lopez eta Sabina Igiñez, Ainara Villanueva eta Edurne Errea, Ananda eta Izai Larrea eta Uxua Andueza eta Amaia Oiartzun izanen dira. Etxarri Aranazko kanporaketan parte hartu zuten azken bi bikoteek.Bakarlariei dagokienez, Iker Ziak, Nahia Barriolak, Maite Menek, Zuriñe Hidalgok eta Caliuak lekarozdarrak lortu dute finalerako txartela. Lehiaketaren gainetik, kantuz gozatzeko eta gozarazteko helburuarekin joanen dira guztiak Elizondora. Izan ere, hori da Nafarroako Kantuzaleak elkarteak antolatutako txapelketaren helburu nagusia.