Literatura gosea asetzeko

Guaixe 2009ko azaroaren 23a

Hilaren azken ostegunera hurbiltzen ari garen honetan, Testu bazkaz hitz egiteko garaia iritsi da. Altsasuko Kima Euskara Taldeak irakur zaletasuna dutenei eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite dutenei egiten dien eskaintza da. Lagundutako irakurketa bat egitean datza Testu bazka. Denon artean euskal idazle baten testu labur bat irakurri eta gero, saioaren gidariak, proposatutako galderen bidez, guztien artean testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatuko dira. Ez da literatura-ezagutza espezifikorik behar eta ez da etxerako lanik izanen.Bigarren ikasturtez, hileko azken ostegunerako egiten du deia Kimak. Azaroaren 26an, ostegunean, 19:00etan jarri dute hurrengo hitzordua, Altsasuko Gure Etxea eraikineko 2. solairuan. Antolaketa errazte aldera, aldez aurretik liburutegian izena ematea eskatzen du Kimak. Horretarako hilaren 25era arteko epea dago.