Gasa ez ordaintzeagatik igerilekua itxita

Guaixe 2009ko azaroaren 19a

Aurreko ostegunean Zelandi kiroldegiko bainuen guneak ateak itxi zituen. Nitram Pool enpresak Gas Navarrari 50.000 euro zor dizkio eta ordainketarik egin ez duenez enpresak gas hornidura moztu dio. Asteartean izan zen hori. Eguzki plaken bidez lortutako energia ez da nahikoa. Gasik gabe igerilekuko ura ezin da berotu eta berogailua ere ezin da jarri. Horrek bainu gunea ixtea eta igeriketa ikastaroak bertan behera uztea ekarri du. Aurreko asteazkenetik ez dago igeriketa ikastarorik. Altsasuko udaleko taldeak ostiralean bildu ziren eta erabaki zuten Nitram Pool enpresari egin beharreko ordainketak etetea. Asteartean udala berriro enpresari zuzendu zitzaion eta gaur arteko epea eman zion, batetik, kiroldegiko bainu gunearen itxiera azaltzeko eta egoera argitzeko, eta, bestetik, kiroldegi osoak berriro jarduera normala izan dezan. Jardun hori urte akaberara arte luzatzeko ere eskatu du udalak. Halakorik gertatu ezean, Altsasuko Udalak aurreratu du "enpresarekiko egoki jotzen dituen neurriak hartzea" aztertuko duela. ErantzunaNitram Pool enpresak udalari jakinarazi zion ezin zuela 48 orduko epean bildu. Hitzordua astearterako jarri badute ere, udalak bere eskaerak berretsi ditu. Enpresak emandako erantzunean dio udalak apiriletik agorrilera bitarteko 35.342,51 euro zor dizkiola eta horrek ekarri duela gas hornitzaileari ez pagatzea. Udalak zehaztu duenez enpresari zor zaiona 20.981,10 euro dira. Diru hori langileen soldatarako dela dio udalak eta ez bestelako gastuetarako. Horregatik, udaletik diote enpresak ez duela hitzarmena betetzen. Udalak garbi utzi nahi izan du Altsasuko Udalak, bestalde, adierazi du "sentitzen duela enpresaren jarrerak erabiltzaileei sortzen ari dien kaltea". Arazoa 2010ean konpondua egonen dela aurreratu du udalak.  HitzarmenaUdalak enpresarekin hitzarmena du. Haren arabera, justifikatutako diru galerak udalak ordainduko lituzke. Horretaz gain, kiroldegiaren jarduna mantentzeko helburua zuen. Udalak eta enpresak hitzarmen hori ekainean sinatu zuten. 2010etik aurrera kapital publikoa izanen duen elkarte batek kudeatuko du kiroldegia.