Morkots liburu-ilustratzaile

Guaixe 2009ko azaroaren 24a

Elkar argitaletxeak berriki aurkeztu du Nire amak ez dauka erremediorik liburua. Antxiñe Mendizabalen testuari Morkots altsasuarrak jarri dizkio irudiak. Xaguxar sailean argitaratu da eta etxeko txikiei zuzenduta dago bereziki. Hala ere, "ama gazteendako ere badu mamia" esan digu Morkotsek, "bat baino gehiago identifikatuta sentituko da". Esperientzia handiko marrazkigilea da Morkots. 10 urtetik gorako ibilbide profesionala du. Tartean, Guaixe astekariko komikigilea izan da sei urtez. Azken aldian buru belarri murgildu da animazio filmetan. Liburu-ilustrazioan sartuta, urrats berria eman du altsasuarrak. Bere esperientziaren berri eman zuen Beleixe irratian. LiburuaIrati, hamabi urteko neskatxa da liburuko protagonista. Oso argi ditu bere nahiak eta helburuak. Amak, ordea, bestelako ideiak ditu; espezial samarra da, xelebrea. Bateko artista izan nahi du, besteko naturista, eta beste batean bidaiatzeko grina sartzen zaio. Estutasun bat baino gehiago pasa behar izaten dute aitak eta alabak, amaren burutazioekin. "Liburu dibertigarria da" ziurtatzen du Morkotsek.GertutikJose Mari Morcillo, MorkotsNola jaso zenuen enkargua?Elkar argitaletxeko editorea eta Aintxiñe Mendizabal, liburuaren idazlea, nirekin harremanetan jarri ziren. Internet bidez nik egindako marrazkiak ikusi zituzten, tartean Guaixeko zintak, eta nire estiloa egokia iruditu zitzaien libururako. Beraz, internetek ateak irekitzen ditu.Bai, asko. Bestela zure lana askotan etxeko kajoian geratzen da. Erakusleiho ona da. Nola izan da prozesua? Bilera bat izan nuen editorea eta idazlearekin eta testua pasa zidaten. Askatasuna izan dut pertsonaiak nahi bezala egiteko eta pasarte bakoitzean zer nolako irudia egin erabakitzeko. Hori eskertu egiten da. Alde batetik testua dago eta bestetik ilustrazioak testuak kontatzen ez duena kontatzeko. Lan handia du? Bai, bi hilabete edo gehiago egin ditut. Denbora dezente pasatu dut testua barneratzen, pertsonaien psikologian sartzen, nolakoak diren asmatzeko, bai fisikoki eta bai beraien jarrera. Testua sakondua daukazunean irudiak ateratzen dira. Liburua esku artean izanda, zein sentsazio duzu? Ona. Beti bezala, lan bat egin ondoren agian beste ideiaren bat sortzen zaizu... baina sentsazio ona dut. Durangoko azoka ate joka dugun honetan, agertoki handia izanen da, ezta?Bai. Hilabete honetan egin dugu aurkezpena Donostiako Elkar dendan, baina aurkezpen handia Durangon izaten da. Ea zer harrera duen.