Trasteando taldearen elkartasun kontzertu bikoitza

Guaixe 2009ko abenduaren 2a

Abenduaren 12an, larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur guneak Trasteando taldearen elkartasun kontzertuak hartuko ditu. Ezaugarri hauetako 4. kontzertua izanen dute. Aurreko esperientzia arrakastatsuen ondoren, aurten ere, emanaldia prestatu du musikari talde altsasuarrak. "Musikak funtzio soziala bete behar du" aldarrikatzen dute. Mundu zabaleko doinuak ekarriko dituzte Altsasura: Espainiako kantuak, euskal kantak, Karibekoak, Hego Amerikakoak, baita pop britainiarrak emandakoak ere. "Doinu alai edota melodiko ezagunak aukeratu eta bertsioak egiten ditugu" azaldu digu Cruz Marik. Gustu guztietarako doinuak eskainiko dituzte publikoaren gozamenerako. 15 bat kide ditu Trasteando taldeak eta horiek izanen dira abenduaren 12ko protagonista nagusiak. Baina zenbait musikariren laguntza ere izanen dute: gitarra, flauta, biolina eta perkusioak jantziko ditu altsasuarren doinu alaiak. Egitasmoa Acción contra el hambre gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) bidez, Trasteando taldeak Guatemalako Tajumulco herriko 135 familia lagunduko ditu. Elkartasun kontzertuetan lortutako dirua familia horiendako oinarrizko ur-hornidura eta saneamendu-sarea egitera bideratuko da. 20.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. Bigarren CDa salgaiTrasteando taldeak kontzertuaren egunean  jarriko du salgai bigarren elkartasuneko CDa. Lilurazko kantuak izena eman diote diskoari. Maiatzaren 30an egin zuten grabazioa, zuzeneko kontzertuan. Jorge Cordon irurtzundarrak grabatu zuen eta bera arduratu da diskoa egokitzeaz. 16 kantuk osatzen dute taldearen disko berria. Euskara, gaztelania eta ingelesa entzuten dira bertan. Diskoen salmentatik lortutako etekinak Angolako emakumeen garapenerako egitasmo batera bideratuko dira. Kontzertuaren ondoren, zenbait salmenta puntu jarriko dituzte herrian. Abenduaren 12an, larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.Sarrera: 5 euro