Korrikalarien txanda

Guaixe 2009ko abenduaren 2a

Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatutako lasterketa abenduaren 8an izanen da, 11:30ean hasitaAurten Altsasuko udaletxe parean dagoen Zubeztia elkarteak antolatutako Herri Lasterketak edo Alberto Barricarte memorialak 29. edizioa bete du. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Maria Sortzez Garbiaren egunean, asteartearekin, 11:30ean. Askorendako egutegian gorriz markatutako urteroko zita, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten da Sakanako eta kanpoko korrikalariendako.  ZirkuituaAntolakuntzak esan duenez, herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km osatuz. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen atzealdetik, Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasa eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute laisterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Esandakoa, aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba. Izena ematea egunean bertanIzena ematea dohainik izanen da eta egunean bertan egin ahal izango da, lasterketa baino lehen. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da.  Iaz ehun korrikalari inguru aritu ziren eta Ritxar Fernandez oñatiarra izan zen gizonezko azkarrena (40:26) eta Nieves Zarza gasteiztarra lehen emakumea (49:42), Nuria Ongay satrustegiarraren aurretik (50:06). Lehen gizon sakandarra seigarren postuan sartu zen Francisco Javier Gomez altsasuarra izan zen (42:55).