Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko NaBai-k jakitera eman duenez, alkateak erabaki du "udalean ordezkaritza duten talde guztiei, boto kopuruaren arabera, udaleko gobernu batzordean tokia egitea". Gauzak horrela, Altsasuko Udaleko gobernu batzordea osatuko dute: alkateak, lehen alkateordeak (NaBai), hautetsi independista bat, PSN-ko zinegotzi bat eta UPN-ko zinegotzi batek. Batzordea bost kidez osatuta dago, baina Unai Hualde alkateak erabaki du Ezker Batuak bileretan parte hartzea, hitz egiteko aukerarekin, baina ez botorako eskubidearekin. Koalizioak adierazi duenez, "haiek dute herriagatik eta herriaren alde lan egiteko giltza. Gu batera egin beharreko lan hori partekatzeko prest gaude, ezberdin pentsatzen badugu ere". NaBai-k jakinarazi duenez, "lanerako prest daudenei, batzordeetako buru izatea eskaintzen diegu. Gure asmoa litzateke zinegotzi bakoitzak arlo banaren ardura hartzea".Deia NaBai-k gogora ekarri du irizpide bera proposatu dutela udal enpresa publikoaren administrazio kontseilurako eta alderdi guztiek hura onartu dutela. NaBai-k adierazi duenez, udaleko gobernu batzordeko "izendapena onartzea herriarekiko konpromisoa erakustea dela. Kontrakoa kritika errazean aritzea da. Hemen herriaren alde lan egiteko gaude".Hautetsi independistei zuzenduta, NaBai-k esan du "lanerako eta ekarpenak egiteko azaldu duten nahia orain gauzatzeko aukera dute, kudeaketan kolaboratuz". PSN-ri ere zuzendu zaio koalizioa, esateko: "jokatu duten bezala jokatuta ere, eskua luzatzen diegu gobernu organoetara bueltatu daitezen, lanerako konpromisoa erakusten badute. Haien eskutan dago". NaBai-k ere ukatu egin du UPN "baztertu" egiten duela. Erregionalistak "herriaren alde lan egin nahi dutela diote, orain ikusiko dugu hori egia den", dio NaBai-k.