Margolanak, eskulanak eta bestelako arte plastikoak dira Altsasuko Iortia kultur guneko ohiko protagonistak. Joan zen ostiraletik ordea, bestelako aleak ageri dira bertan: Erdi Aroko instrumentuak. Emilio Arias juglare eta luthierra dago erakusketaren atzean. Instrumentu eta miniaturakErdi Aroko instrumentuak ezagutzeko aukera ederra eskaintzen du Iortia guneko erakusketa berriak. Zanfonak, rabelak, fidulak, albogeak (albokaren aitzindaria), gaitak eta beste hainbat musika tresna ikusgai daude. Erdi Aroko instrumentuak dira guztiak ere eta musika herrikoiarekin lotura zuzena dute. Horietako batzuk bizirik iritsi dira gaurko egunera arte. Emilio Ariasek egin ditu instrumentu horietako gehienak. Benetako instrumentuak egiteaz gain, horien miniaturak egitea da Emilio Ariasen afizioa. Erdi Aroko musika tresnak tamaina txikienera daramatza eta apaingarri, lepoko nahiz ile apaingarri bilakatzen ditu.Emilio Arias berak iaz grabatutako musikaz lagunduta, Erdi Aroan murgilduko gaitu erakusketak.ErakustaldiaErakusketaren mustutze ekitaldia Erdi Aroko musika herrikoiaren eta instrumentuen erakustaldi bihurtu zen. Bertaratu zirenek instrumentuen historia ezagutu eta haren doinu gozo eta alaia entzuteko aukera izan zuten. Garai bateko juglareek egiten zuten moduan, musika tresnak jo eta abestera animatu zen Emilio Arias.Datorren asteartean, hilaren 22an, musika eskolako ikasleei eginen die erakustaldia.XXI. mendeko juglareaSortzez leondarra da Emilio Arias, baina Altsasun bizi da. Betidanik maite izan du musika. Gitarra besapean zuela abestu zituen lehen doinuak, baina musika tradizionalarekiko gustuak mundu berri batera eraman zuen: Erdi Aroko musikara. Musika horretaz liluratu eta garai hartako instrumentuak jo, tresnak egin eta abesteari ekin zion. Erabat harrapatu du mundu horrek.