Trasteando arrakastatsu

Guaixe 2009ko abenduaren 17a

Altsasuko Trasteando musika taldeak txiki utzi zuen abenduaren 12an Altsasuko Iortia kultur guneko areto nagusia. Bi kontzertu eskaini zituen larunbat arratsaldean eta bietan ere leporaino bete zen aretoa. Musikarien lana entzunda gustura geratu ziren ikusleak. "Errepertorioa eta musikaren kalitateari dagokionez orain arteko kontzerturik onena izan da eta horretaz jabetu ziren ikusleak" azaldu digu Cruz Marik.Kontzertuen sarreratik ateratako dirua Accion contra el hambre gobernuz kanpoko erakundera bideratu du Trasteando taldeak, Guatemalako Tajumulco herriko familien ur-hornidura eta saneamendu-sarea egokitzeko. 3.000 euro atera zituzten. Bestalde, kontzertu egunean bertan salgai jarri zuten Trasteando taldearen bigarren CDa. 250 bat disko saldu zituzten lehen egunean. Aurrerantzean Altsasuko saltoki eta tabernetan salduko dira CDak. Haiekin lortutako irabaziak Angolako emakumeak laguntzera bideratuko dute.