Martxan da dendarien eguberrietako kanpaina

Guaixe 2009ko abenduaren 15a

Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) aurreko urteetan bezala eguberrietako kanpaina martxan jarri du eta 42 bezerori zorion pixka bat emanen die. Izan ere, hilean zehar eta ilbeltzaren laura arte elkarteko kide diren dendetan erosketak egiten dutenek txartel bat jasoko dute. Txartelak 12 lauki txuri ditu. Elkarteko dendetan erosketak egin ahala dendariek haien zigilua jarriko dute txarteletan. Denda bereko hiru zigilu batu daitezke gehienez. Dozena bat zigilu bildu eta gero, nork bere datuak idatzi ADE-ko kide den dendaren batean emanen du. Ilbeltzaren 5ean 70 euroko 42 bale zozketatuko ditu ADE-k, elkarteko dendetan erosketak egiteko aukera emanen dutenak.