Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako afizionatuen IV. Erremonte Torneoaren finala larunbatean jokatu zen Burunda pilotalekuan. Jakina denez, guztira sei biko aritu dira lehian aipatu txapelketan, bi multzotan banatuta. A multzoan Isatxi-Zubeldia, Etxarri-Berastegi eta Retegi-Saldias aritu dira, eta B multzoan Arza-Garzes, Urritia-Iriarte eta Ezkurra-Andiarena. Aipatutakoetatik lau sakandarrak dira: Isatxi, Berastegi, Arza eta Iriarte. Bada, abenduaren 4an jokatutako finalerdietan Etxarrik eta Zabalak 35-30 irabazi zieten Ezkurra eta Andiarenari, eta Urrutiak eta Iriartek finalera pasatzera lortu zuten Isatxi eta Zubeldiari 35-30 irabazita. Partida lehiatu eta gogorrak izan ziren. Ostiralean giro beroa izan zen Burunda pilotalekuan. Lehenik eta behin 3. eta 4. postuak egon ziren jokoan. Isatxi altsasuarrak eta Zubeldiak erakustaldia eman zuten, Ezkurra eta Andiarenari 35-23 irabazita eta hirugarren postua lortuta. Eta final handian Etxarrik eta Zabalak sekulako partida jokatu zuten, Urrutia eta Iriarteren aurrean 35-18 gailenduz. Etxarrik agindu zuen, modu eta jarrera guztietan pilotari gogor emanez eta Zabala bikain aritu zen atzean. Urrutia eta Iriarte partida guztian atzean izan ziren eta gehiago espero zen eurengandik. Sari emate ekitaldian Altsasuko kirol zinegotzi Iñaki Migel, Nafarroako Pilota Federazioko Fermin Dufur, Remonte Fundazioko Koteto Ezkurra, Kike Elizalde eta Jaime Agirre eta Sociedad Deportiva Alsasuako Luis Lopez Zornotza, Migel Angel Montesinos eta Pablo Lopez de Goikoetxea izan ziren.