Udalak sozietate publikoa sortu du

Guaixe 2009ko abenduaren 17a

Altsasuko Udalak behin betiko onartu ditu Atabo Altsasu SL sozietate publikoaren estatutuak. Astelehenean egindako ezohiko bilkuran izan zen. Enpresa publiko horrek heldu den urtetik aurrera herriko kirol azpiegiturak kudeatuko ditu. Udalak, hala ere, ez du baztertu bere egitekoak zabaltzea. Altsasuko Udalak enpresa publikoa eratzeko 3.300 euro jarri ditu hasierako kapital gisa. Horretaz gain, enpresaren administrazio kontseilua onartu du. Alkateaz gain, NaBai-ko, ezker abertzaleko, PSN-ko eta UPN-ko zinegotzi banak osatuko dute kontseilua eta EB-ak ahotsa izanen du. Horietaz gain, enpresako kudeatzaileak eta udal idazkariak enpresa kontseiluko bileretan parte hartuko dute. Udaleko zinegotzi guztiak izanen dira enpresaren akziodunak. KudeatzaileaAltsasuko kirol instalazioak bere osotasunean kudeatuko duen enpresa publikorako kudeatzaile bat kontratatu nahi du Udalak. Interesatuek haien curriculumak hilaren 24ra arte aurkez dezakete Udal kirol bulegoan, 11:30etatik 13:30etara edo e-posta hauetakoren batera bidali: selección@lks.es edo kirolak@altsasu.net. KiroldegiaAzaroaren 10ean itxi zenetik, Zelandi kiroldegiko ur eremuak erabili ezinik jarraitzen du, Nitram Pool enpresa kudeatzaileak oraindik ere ez diolako gas enpresari ordaindu. Argindar hornidura ere eten zuen hornitzaileak eta kiroldegia hiru egunez larrialdiko argindarrarekin aritu zen, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen. Argindar hornitzailearekin zegoen arazoa konpondu da eta gimnasioa normal erabil daiteke.