Aldasoro harategia, txapeldun

Guaixe 2009ko abenduaren 21a

Aldasoro harategian ikusgai daude Euskadiko XII. Txistorra Txapelketa irabazi izana adierazten duten txapela eta oroigarria. Juan Jose Aldasoro Sarasua eta Jose Galan esan digutenez, txapelak "lana egiteko poz handiago" eman die. Asteazken eguerdian jaso zuen Euskadiko txistor onenaren saria Ordizian, "urte askoko lanaren emaitza".

8 sakandar
Txapelketako 41 parte-hartzaileetatik 8 sakandarrak ziren.

Gertutik
Zorionak!
Eskerrik asko. Ez naiz ni oso txapelketa zalea, baina nire anaia zaharrena (Pako Aldasoro) aurkezteko eta aurkezteko animatu izan nau, eta begira nola diren gauzak. Joan eta txapela etxera ekarri. Aurretik hiruzpalautan aurkeztu izan naiz. Ostiralean (11n) nire anaiarekin egon nintzen Olaztin eta Ordiziako txapelketaren berri eman zidan. Nik joateko asmorik ez nuela esan nion, eta berak kontu hartu zidan. Astelehenean emazteari aukera komentatu nion. Anaia deitu eta zer egin behar zen galdetu nion, eta halaxe parte hartu nuen Ordizian. Beragatik joan naiz txapelketa honetara. Donostiako San Tomas lehiaketara ezin izan dut aurkeztu aurretik izena eman beharra zegoelako. Hemendik aurrera joan beharko naiz txapelketetara. 

Familia kontua, ezta?
Guk dakiguna gurasoengandik ikasitakoa da. Urte askotan lan berean. Hemen ez dago sekreturik. Osagai onekin prestatu, haragi freskoak eta onak, eta maitasun askorekin lanak egin eta kitto. Ez dago besterik. Anaia eta biok betiko moduan egiten dugu.Noiztik harakin? Gurasoek zabaldu zuten harategia 1956an. Lau urte egin gabe neuzkan. Ni lanean 15 urterekin hasi nintzen haiekin lanean. Otsailean, emaztearekin batera, 31 urte eginen dugu. Biok gaude hemen lanean. Noizean behin seme-alabek laguntzen dute. Auzoko harategi txikia da, beti egunero gauzak ongi egiten saiatzen gara. Datorren jendeari esker bizia ateratzen ari gara gu, eta lehen gurasoak. Gauza handiak egin gabe, baina egindakoak ongi eginak.

Bi anaia txistor egile gisa sarituak. Aldasoro eskola?
Ez guk bakarrik. Sakanan baditugu lagun asko txapelketak irabazi dituztenak: adibidez, Sebastian, bere garaian Aldaz zena, Joxe Mari Agirre, Mendinueta uhartearra... Ez da soilik Altsasukoa, Sakanakoa ere bada. Txapel honekin nire lagunak, haien lana, omendu nahi ditut. Dendari txikiak eta jendeak zer egiten dugun badaki, beti ona eta freskoa.

Txapela nabaritu da?
Bai, Irungo Bidasoa tabernak, esaterako 60 kilo eraman ditu. Aurreko ostegunean ere Goierritik jende asko etorri zen. Hori ez da txarra izanen. Niri eta aurretik esan dizkizudan lagunek irabazi dutenean, beti izan da salmentendako pixka bat hobe. Hori bai, nik lehen bezala saltzen dut, zortzi eurotan kiloa. Txapelduna izanen naiz, baina ez dut preziorik aldatu. Txapela gurasoei, familia guztiari eta bezero guztiei eskaini nahi diegu.