Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak Sunsundegui enpresaren ardura hartu zuenean, finantza arazoa lau bideren bitartez bideratuko zuela aurreratu zen. Lehena zen hartzekodunei (hornitzaile eta langileak) zor zitzaienaren ordainketaren atzerapenak negoziatzea. Eskaera hori eginez, azaroaren 18an, Sunsundeguiko zuzendari nagusi Migel Iturraldek gutuna bidali zien enpresako hornitzaile guztiei. Gutunean Sunsundeguik eskatu die "ordaintzeko gelditu den zorraren zatia 12 hilabetez atzeratzea". Hornitzaile batzuk haserre hartu dute eskaera. Enpresa txiki eta ertainak dira. Batzuk langileak kaleratu dituzte, besteak neurri hori hartzekotan dira. Zorra ez kobratzea haien ekonomiarendako "kolpe latza" da. Hornitzaile batek esan digunez, "kobratu ahal izateko lehenik zorraren %20 barkatzeko eskatu ziguten. Baina bankuak fakturak bueltatzearekin eta guztiarekin kopurua ia %30era igo da". Hornitzaileen artean "kezka" dago. Ez dute ulertzen Nafarroako Gobernuak "nola baimentzen dituen halako neurriak. Zein prezio ari gara ordaintzen enpresar pizteko? Txikiak ittoz". Heldu den urteaz galdetuta, azaldu digute Sunsundeguik 90 eta 150 egunera ordaintzeko asmoa azaldu duela. ArgudioakSunsundeguik iraila akaberan 16 milioi euroko zorra zuen. Haietako 10 milioi epea betetako zorra ziren. Iturraldek gutunean azaldu duenez, "Sodena eta Nafinco dagoeneko babesa ematen ari dira". Enpresak argudiatu duenez, "egiten ari garen banku operazio konplexuaren ondorioz, zorra finantzatzeko baldintza berriak proposatzea besterik ez dugu". Sunsundeguiko zuzendaritzak garbi du ez dela "konponbide onena, baina gaur egun bakarra da". Enpresaren gutunarekin batera Nafincoko Zuzendari kudeatzaile Jose Mª Montes Rosen gutuna jaso dute hornitzaileek. Hark "pazientzia azken ahalegina" eskatu die hornitzaileei, "ekoizpen jarduera normaldu eta antolakuntza lantzen ari den negozio planera egokitu bitartean". Nafincoko buruak dioenez, "oinarriak jarri dira beharrezko finantza laguntza lortzeko, egitasmoaren jarraipena eta bideragarritasuna ziurtatuko dituena". 272Langile ditu Sunsundegik. Autobus eta trenen karrozatua egiten du.