Helena Santanoren soinudun koloreak Iortian

Guaixe 2009ko abenduaren 31

2007an ekin zion Helena Santano altsasuarrak Action painting-ari. Musika entzun bitartean zuzenean hark gogora dakarkiona pintatzean datza Action painting-a. Era honetan zortzi margolan egin ditu hiru urtetan, guztiak ere une bakoitzean sentitutakoaren isla. Gaur arratsaldetik hilaren 29ra arte ikusgai egonen dira Altsasuko Iortia kultur gunean. Musikak eta bideo emanaldiek osatuko dute erakusketa. Zuzeneko sormenaSormen prozesua momentu intimo eta pribatua da margolari gehienendako. Bestelakoa da Helena Santanoren kasua: musika entzun bitartean, zuzenean eta jendaurrean sortzen ditu margolanak. Nolabait, biluztu egiten da jendaurrean. "Ausarta naizela esaten didate batzuek" azaldu digu. Besteak beste, Lekunberriko Sala 31 aretoan, Madrileko jatetxe batean, Iruñeko Nabarreria plazan, Lakuntzako Entzazu jaialdian, Olaztiko Maisueneko jaialdian eta Altsasuko Lurrazpi tabernan sortu ditu margolanak. Zuzeneko sormen horretan hartu-emana sortzen da ikusleekin, eta, ondorioz, prozesuko parte dira. "Arteari errespetua zor zaio, baina horrek ez du esan nahi gurtu behar denik" dio Helenak; "galerietan baino erosoago sentitzen naiz herritarrengandik gertu, gau koloretsuetan, jendartean sortzen" gaineratu du. Musika eta pinturaMusika da Helena Santanoren sormenaren ardatza. Musika entzun ahala margotzen du. Musika elektronikoa eta hip-hoparekin egin ditu orain arteko Action painting-ak. DJ Varela, DJ Bando, Marco Bailey, La plataforma, DJ Anacleto, DJ Aiert eta Okenerekin aritu da esaterako. Hala ere, ez du baztertzen beste estilo batzuekin probatzea. "Gustatuko litzaidake orkestra batekin probatzea" dio altsasuarrak. "Musika bat nahiz beste, beti ere estilo berdina mantentzea komeni da, bestela erotu egiten naiz eta" azaldu digu.Helenaren inspirazio iturri izanik, Iortia kultur guneko erakusketan lekua izanen du musikak. Era berean, margolanen sormen prozesua bideoz ikusteko aukera izanen da. Bideoekin eta musikarekin bidelagun izan dituen guztien laguntza eskertu du Helena Santanok, Sagri Mauleon, Manoli Thunders, Jabi Trabero, Elena Cerdan eta Javier Galeanorena bereziki.ErakusketaHelena Santanok 2007tik 2009ra Action painting estiloan sortutako margolanak daude ikusgai. Mihise gaineko margolan koloretsuak dira, margo-jarioz eginak. Abstrakzio geometrikoa egiten du Helena Santanok; elkar lotu eta gurutzatzen diren lerro horizontal, bertikalen artean planoak sortzen ditu. OrdutegiaIlbeltzaren 1etik 29ra, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta igandetan, 18:30etik 20:30era. Azken egunean itxiera jaialdia eginen da.