Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
El excesivo consumo de estrógenos de Ludovico Graham. Hori da Patxi Basabe gasteiztarraren azken filmaren izenburua. Izenburu bitxia film bitxiaren iragarle. Bosgarren film laburra du Gasteizko zuzendari gazteak. Katrin Ginea arbizuarrarendako, berriz, esperientzia berria izan da: produkzio-buru aritu da lehen aldiz.Azaroan mustu zuten filma Gasteizen. Altsasuko Iortia kultur guneak hartuko du Nafarroako estreinaldia, datorren astean, ilbeltzaren 9an, 20:00etan. Gonbidatu bereziak egonen dira estreinaldi handian, Patxi Basabe zuzendaria eta Katrin Ginea produkzio-burua tartean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak behar dira. Iortia kultur gunean eskura daitezke. 21:00etako saiorako gonbidapen bereziak behar dira.Komedia kritikoa Gaur egungo idoloen fenomenoa kritikatzen du filmak. "Nahikoa da futbolari edo aktore izatea milaka jarraitzaile izateko" azaldu zuen Patxi Basabek aurkezpenean. Umorearen bidez, egungo gizartearen kritika zorrotza da filma. Gasteiztarra da filmaren gidoilari eta zuzendaria eta Zinema Variétés da ekoizlea. Iaz egin ziren filmaketak, Gasteizen kanpokoak eta Donostiako Tabakalera eraikinean barrukoak.30 minutuko film laburra da emaitza, film labur luze samarra,ohituta gaudenerako. Baliabideei dagokienez ere, ohiko film laburrak gainditu ditu: kamera finkotik haratago, bizkar gainekoak eta garabiak ere erabili dituzte, baliabide tekniko ugari, ohi baino ekipo handiagoa eta abar.Zigor Bilbao bermeotarra da protagonista. Harekin batera, aktore ezagunek parte hartu dute egitasmoan, Karra Elejaldek, Gorka Aginagaldek edo Arantxa Gurmendik esaterako. Zenbait pertsonaia ezagunek ere aktore lanak egin dituzte: Aitor Ocio futbol jokalariak edo Africa Baeta aurkezleak adibidez. Sakandarra produkzio-buru Tamaina handiko filma izan da eta ondorioz, produkzio lan handikoa. Katrin Gineak izan du horren ardura. Produkzio-buruaren laguntzaile moduan hasi zuen bidea arbizuarrak, baina egun batetik bestera beregan ikusi zuen produkzioaren ardura guztia. Filmaketa hasterako material, teknikari, eta giza baliabide guztiak prest izan behar dira. Horiek guztiak koordinatu behar ditu produkzio-buruak. "Lan ikaragarria izan da, une batzuetan eromena, baina asko ikasi dut" esan digu arbizuarrak. Argazkilaritza ikasketak egin ditu Katrin Gineak eta produkzioari begira, errealizazioa. Zenbait lan egin ditu horren harira, Arena Comunicación enpresarendako Nomadak TX dokumentalean egindako lana da azpimarragarrienetakoa. Lan berriko produkzio-buru postuarekin urrats handia eman du arbizuarrak.El excesivo consumo de estrogenos de Ludovico GrahamZuzendaria eta gidoilaria: Patxi Basabe. Produkzio-burua: Katrin Ginea. Aktoreak: Zigor Bilbao, Karra Elejalde, Gorka Aginagalde, Veronica Romeo, Unax Ugalde, Txema Saldoval, Aitor Ocio, Arantxa Gurmendi, Africa Baeza, Pako Sagarzazu, Patxi Perez, Isabel Figueira. Film laburra. 30 min.Gizon gihartsua izatea da Ludovico Graham-en ametsa, baina ez dago gimnasioan sartzeko prest. Arinagoa da anabolizanteak hartzea. Baina, horiek hartzen dituelakoan, estrogenoak hartu eta hartu dabil. Horrek haluzinazioak eragingo dizkio eta errealitate paralelo batean murgilduko da. Langile arrunta pertsonaia ospetsu bilakatuko da bere fantasietan eta errealitatean ezagunak eta ustez aberatsak direnak miserian daude. Rol aldaketa komikoak egungo gizartearen kritika umoretsua egiteko.Ilbeltzaren 9an, larunbatean, 20:00etan (irekia) eta 21:00etan (itxia), Altsasuko Iortia kultur gunean.