Isphording itxita

Guaixe 2010eko urtarrilaren 12a

Enpresa batzordeko kide ziren langileek astelehenean jakinarazi zuten Isphording lantegia itxita dagoela. Langileen ordezkari zirenek jakinarazi zutenez, merkataritza-arloko epaitegiak itxieraren aldeko iritzia eman zuen abenduaren 22an. Iazko urtearekin batera bukatu zen Isphording-ek Altsasun 1964an hasitako bidea. Eskaera batzuk egiteko, 11 langile zenbait egunez lanean ariko dira enpresan. Bestela, guztiek urte bati dagokion soldata jasoko dute kalte-ordain gisa. Horri enpresak zor dien 5 nominak gehitu behar zaizkio. Bitartean, langile talde txiki bat kooperatiba bat sortzeko ahaleginak egiten ari da. ArdurakLangileen ordezkari zirenek azaldu zutenez, "enpresaren egoera ekonomiko larriaren ardura itxierara bideratutako kudeaketa interesatua izan da". Langileen ustez, itxieraren ardura hauexek dute: "enpresako zuzendaritzak, kudeaketa eskasagatik; Isphording taldeko administratzaile Jürgen Kochek gaiaz guztiz desinteresatu delako". Langabetu berriek salatu zutenez "urteetan ez da ez inbertsiorik egin, ezta jenderik trebatu ere. Bitartean, Alemanian inbertsio handiak egin dituzte". Gogora ekarri zuten Altsasuko lantegiaren zordun handiena Alemaniako Isphordin zela (3 milioi euro).Langile ohiek Nafarroako Gobernua ere itxieraren arduradun egin zuten: "beste aldera begiratu duelako", eta eskaera egin zioten: "benetan inplikatzeko eta Sakanak bizi duen agoniarekin bukatzeko". LapurretakLangileek jakitera eman zutenez, azken asteetan hiru lapurreta saiakera egon dira lantegian, eta haietako bitan materiala eraman zuten. Txorrotak egiteko pieza jakin batzuk dira lapurtutakoak. Horrek langileen susmoak piztu ditu. Guardia Civilari jakinarazi zioten, baita salaketa jarri ere. Azaldu zutenez, hirugarren saiakerako furgoneta kuartelean dago. Esker onaLangileek herriak eta ibarrak emandako babesa eskertu zuten, bereziki, Mikel Aldazek emandakoa.