Foruzaingoa gaztetxean

Guaixe 2010eko urtarrilaren 12a

10:30ak aldera sute txikia piztu zen gaztetxeko tximinian. Hura itzaltzera AGAko kideak eta suhiltzaileak hurbildu ziren. AGAko kideek azaldu digutenez, "sua itzaltzen eta gauzak ateratzen ari ginenean sartu dira foruzainak eta lagundu beharrean, galdera inozoak egin dizkiete bertan zeuden pertsonei eta haien lana trabatu dute. Sua ez beste guztiari (kartelak, pegatak eta abar) argazkiak egiten hasi dira. Inork ez die etortzeko eskatu". Miaketa beheko solairuan hasi zuten, eta gero goikora eta ganbarara joan ziren. Hango hainbat egoitza miatu zituzten, "suak kaltetu egin ere ez dituenak", ziurtatu digu gazte batek. Eta gaineratu du, "dena miatzeko baliatu dute sua". Jokabide hori ikusita, gazteak eraikineko egoitzetan "lekukorik gabe sartu ez zitezen ahalegindu" ziren, eta "tirabira" batzuk izan ziren. Foruzainek gazteak identifikatu zituzten. Suhiltzaileek lana despeditu eta arriskurik ez zela ziurtatu zuten. Arratsaldean16:15 aldera, sua ikertzeko polizia adituak iritsi ziren gaztetxera, eta haien ondotik istiluen kontrako bi furgoneta. Gaztetxeko plazan bilduta zegoen jendea, 50 bat pertsona, Ferialeku eta Txiki Polita kaleak lotzen dituen kalexkara bideratu zuten eta orduan tentsio pixka bat sortu zen. Gaztetxe inguruan Altsasuko alkate Unai Hualde, Pedro Mari Zabalo (NaBai) eta Arantza Bengoetxea (ezker abertzalea) zinegotziak egon ziren. Bitartean Foruzaingoak Txiki polita kalea itxita izan zuen. Lau ibilgailu eta markarik gabeko furgoneta zeuden. Polizia zientifikoa gaztetxea aztertzen hasi zen eta, berarekin batera, foruzainak, alkatea, udaltzain bat eta AGAko kide bat egon ziren. AGAtik jakinarazi digutenez, ikertzailea bere lana egiten ari zen bitartean, foruzainek gaztetxea miatu nahi izan dute. Hainbat gauza begiratu dituzte (kamixetak, kartelak eta abar), baita argazkiak egin ere. Itxita zeuden gelak ere zabaltzeko eskatu omen dute, baina ez zegoen giltzarik. Antza, Garraxi irratiaren estudioan eta beste gela batean ez ziren sartu, itxita zeudelako. Guztia bukatuta, 17:40 aldera joan ziren foruzainak. AGAk "Foruzaingoaren jokaera patetiko eta ziztrina" salatu du, "inongo baimenik gabe gaztetxea miatu eta kriminalizatu baitu". AGAk gaineratu zuenez, "guk ez daukagu ezer ezkutatzeko eta herriko jendeari irekita egon da, dago eta egonen da beti gaztetxea".SuteaAGAko kide batek jakitera eman digunez, suteak ez du gaztetxearen egituran kalterik sortu. Kalteak sukaldean eta, goiko solairuan, tximinia pasatzen den serigrafia gelan izan dira, baita haren ondoan dagoen komunean ere. Suteak ez du ganbara harrapatu. Domeka arratsaldean erre usaina atzeman zuten gazteek eta kea nondik ateratzen zen ikusi zuten. "Egon zitekeen sua itzaltzeko, ura bota zuten tximiniako zulora mangera baten laguntzaz. Keak ateratzeari utzi zion, sua itzalita zegoenez, bertan zeuden pertsonek nahikoa izanen zela pentsatu zuten. Hala ere, hurrengo goizean pertsona pare bat berriro joatekotan gelditu ziren, oraindik kea ateratzen zen ikusteko". Etxe guztia kez beteta opatu zuten. Suhiltzaileak hots egin zituzten. Haiek gazteei jakinarazi zieten "tximinia berria jarri zenean, kea daraman tutuak egurrezko habe bat ukitzen zuela, eta horregatik sortu zela sutea".