Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima Euskara taldeak Komiki Mutu Lehiaketaren bigarren edizioa iragarri du. Euskara taldeak eskatuta, komiki dotorea egin du Arturo Arrizabalaga, Jartur, komikilari altsasuarrak, baina testua jartzea "ahaztu" zaio. Horixe izanen da lehiaketan parte hartzen duenaren lana: Jarturren marrazkietako bunbuilo edo bokadilloak betez istorioa proposatzea. Iaz mustu zuen lehiaketa Kima euskara taldeak. Herritarren erantzun paregabea ikusirik (189 parte-hartzaile), bigarren edizioa antolatzera animatu da. ArauakIrudimena dantzan jarri behar dute parte hartzaileek: marrazkiak oinarri hartuta, istorioa irudikatu eta komikiari izenburua eman eta marrazkietako globoak bete behar dituzte, beti ere euskaraz. Nahi duen guztiak parte har dezake lanean, beti ere lan bakarrarekin. Kima euskara taldeak jakinarazi du ez dela irainak, sexismoa, arrazakeria, gorrotoa edo bestelako jarrerak sustatzen duen lanik onartuko. Hiru adin talde bereiztu dituzte antolatzaileek: 9-11 urtekoena (A maila), 12-16 urtekoena (B maila) eta 16 urtetik gorakoena (C maila). Guztiek ere ilbeltzaren 27a, asteazkena, izanen dute lanak aurkezteko azken eguna. Plika sistema erabiliko da: komikia ezizen batekin izenpetu eta gutun azal batean sartuko da; haren barruan beste gutun itxi bat egonen da egilearen datuekin: izen-abizenak, telefonoa eta helbidea. Gutunaren azalean argi adieraziko dira "Komiki Mutua Lehiaketa" eta parte hartzailearen maila. Ikastetxeetan, Altsasuko Urteaga liburu dendan eta Iortia kultur gunean jasoko dituzte lanak. Lehiaketara aurkeztutako lanak Kima Euskara Taldearen esku geldituko dira eta publikatzeko aukera izanen du. Sari banaketa erakusketanIlbeltzaren 27tik aurrera epaimahaiarena izanen da lana. Testuen eta irudien arteko egokitasuna, ideien originaltasuna eta globoetako testuen argitasun eta egokitasuna oinarri hartuta, epaimahaiak maila bakoitzeko lanik onena sarituko du. Urteaga liburu denak emandako hiru sari eder jasoko dituzte irabazleek.Kima Euskara Taldeak jendaurrean jarriko ditu komiki onenak. Otsailaren 12tik 14ra izanen da Altsasuko Gure Etxea eraikinean. Erakusketan bertan eginen da sari banaketa.www.altsasukokima.com helbidean eskura daiteke komiki mutua. Urteaga liburu dendan eta Iortia kultur gunean ere har daiteke. Altsasuko ikastetxeetan ere banatu da