Gerra-pilotu altsasuarraren bizipenak liburura

Guaixe 2010eko urtarrilaren 13a

Cultura y Progreso Fundazioak eta Madrileko UGT sindikatuak Alas de libertad 2: historias de vida de aviadores de la República en la Guerra Civil española liburua aurkeztu dute berriki. Liburuaren idazle Manuel del Rioren hitzetan, "historia liburuetara iristen ez dira gerrako gertaera txikiak bildu ditugu liburuan". Hiru pilotu errepublikarren bizipenak jasotzen ditu liburuak: Miguel Chasan, Juan Francisco Gomez eta Juan Goikoetxea altsasuarrarenak. Liburuaren aurkezpenean "hunkituta" azaldu zen sakandarra.

Memoria historikoa
Garaileek idazten dute historia eta, ondorioz, urteetan ezkutuan egon dira errepublikarren gerrako eta gerraosteko bizipenak. Memoria Historikoaren Legeak ireki zuen bideari eutsiz, "indarrean zegoen gobernuaren defentsan borrokatu zuten hiritarren lana" gogora ekarri dute argitaratzaileek. Hor kokatzen da Alas de libertad egitasmoa. 2008an jarri zen martxan eta argitaratu berri dute bigarren zatia. Hirugarren alea 2010ean argitaratzea espero dute.

Juan Goikoetxearen bizipenak
Juan Goikoetxea Lopez de Zubiria Akuilu 1915eko ilbeltzaren 21ean jaio zen Altsasun. Gerra hastean Gipuzkoarako bidea hartu zuen bere aita eta anaiarekin batera. Bertan egin zuen bat errepublikarren bandoarekin. Andoainen, Tolosan eta Irunen gudan ibili eta gero, Iparraldera egin zuen ihes. Handik Kataluniako frentera joan nahi zuen, baina Errepublikarren beharrei erantzunez, Madrilera joan zen. Hiria defendatzen ari zela pilotuen beharra adierazi zuen Gobernu Errepublikarrak. Prest azaldu zen Juan Goikoetxea. Sobietar Batasuneko Kirovabad hirian ikasi zuen ehiza-abioia gidatzen.

Abiazio Alferez karguarekin Katalunian sartu zen gudan. Gerrako azken urteak ziren, benetan urte gogorrak. Gerraren amaiera aurreikusita, Frantziara ihes egin zuten errepublikar pilotu batzuek, baina altsasuarrak tinko eutsi zion bereari. Murtzian zegoela harrapatu zuten frankistek. Bi urte eta erdi egin zituen kartzelan, urte latzak benetan. Ez ziren hobeak izan gerraosteko urteak: pertsona "seinalatua" zen, eta direnak eta ez direnak jasan behar izan zituen. Franco hil eta gero, 80ko hamarkadan, Abiazio Komandante izendatu zuten.

300 hildadako
Espainiako Gerra Zibilak arrasto lazgarria utzi zuen Sakanan. 300 bat sakandar hil ziren gudan, 135 bat alde errepublikanoan eta 165 bat nazionalean.