Euri artean Jon Zeberio garaile

Guaixe 2010eko urtarrilaren 13a

Urtero moduan, Sociedad Deportiva Alsasuak San Silvestre Txirrindula Martxa antolatu zuen urteko azken egunean. Aurtengoa XXVII. edizioa zen, eta nahiz eta txirrindulari askok izena emana izan, euriak parte hartzean eragina izan zuen eta horietatik 38 inguru animatu ziren ibilbidea osatzera. Esprintean erabaki zenAnimatu ziren txirrindulariak ez ziren eguraldiagatik kikildu eta zuten guztia eman zuten. Iortia plazatik atera eta Altsasun buelta bat eman eta gero Urbasako portuko bidea hartu zuten. Ur saltora arte batera joan zen tropela, baina hortik aurrera benetako lehia hasi zen, eta topera joan ziren denak. Helmuga Urbasako Interpretazio Gunean zegoen, eta lasterketa esprintean erabaki zen, taldetxo bat iritsi baitzen aurrena. Guztien artean Jon Zeberio Morras legazpiarra nagusitu zen, Berriobeitiko Patxi Zia Apeztegiaren aurretik eta Iraitz Goñi Diaz arbizuarraren aurretik. Laugarrena Juan Pablo Sanz Nuñez altsasuarra izan zen eta bosgarrena Aritz Berruezo barañaindarra.  Behin Altsasura jaitsita, parte hartzaile guztiek salda bero-beroarekin bapo berotzeko aukera izan zuten, eta Akelarre tabernan txirrindularitza kamiseta ederra jaso zuten guztiek opari.