"Airean-airean" lana aurkeztuko du Marronek

Guaixe 2010eko urtarrilaren 15a

Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak mendiari lotutako ikus-entzunezkoen zikloa antolatu du. Horrela, ilbeltzetik apirilera bitartean lau ikus-entzunezko bikain ikusteko aukera izanen da Altsasuko Iortia Kultur Gunean, primerako mendizaleek sortu eta aurkeztutakoak. Egia esan, zikloa abenduan hasi zen, Joseba Arlegi mendizale irurtzundarrak Yosemiteri buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztu baitzuen abenduaren 23an. Emanaldi ederra izan zen, eta bertan Josebak Yosemiten eskalatzen utzitako irudi bikainak ikusi ahal izan ziren. Mendizaleak bere ibilbideari buruzko xehetasun guztiak eman zituen. Gaur, ilbeltzaren 15ean, ostiralean, Jose Ramon Agirre "Marron" mendizalearen txanda izango da. Ataungo mendizale beteranoak "Airean-airean" izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du, Himalayan izandako esperientziaren berri ematen duena. 19:30ean hasiko da emanaldia, Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Mendia eta parapentea maiteUrtetako esperientzia du Marron ataundarrak goi mendietako espedizioetan eta herriz herri ikus-entzunezkoak ematen. Mendizalea izateaz gain, mendi argazkilaria da eta egiten dituen espedizioei buruzko ikus-entzunezko ikusgarriak prestatzen ditu. Zazpi kontinenteetako mendi altuenak igotzeko egitasmoan buru-belarri egon zen eta horretaz gain, hiru zortzi milako igo ditu: Everest, Cho Oyu eta Gasherbrum II. "Al filo de lo imposible" saioko espedizioetan parte hartu izan du, eta hain zuzen ere espedizio horietako batean, Broad Peak (8.047 m.) mendian gora egin ondoren, 7.200  metroko garaieratik parapentez jauzi egin zuen ataundarrak. Ordu erdiz ibili zen hegan zortzi milako mendien artean eta irudi ikusgarriak hartu zituen. Horiekin "Aire-airean: Broad Peak" ikus-entzunezkoa prestatu zuen. Lan horretaz gain "Gasherbrum II" diaporama, "Zelanda Berria, naturaren hitzak" eta beste hainbat lan egin ditu. Gaur Altsasun "Himalaya" ikus-entzunezkoa aurkeztuko du. Bere esperientzia zabala ezagutu eta berarekin lasai hitz egiteko aukera bikaina izango da Altsasuko Mendigoizaleak taldeak eskaintzen diguna. Zikloarekin jarraituz, otsailaren 13an Koldo Arnanz mendizale altsasuarrak "Bolibia" lana aurkeztuko du Iortia Kultur Gunean 19:30ean eta "Al filo de lo imposible" saioko kolaboratzaile Alberto Zerainek "K2" lana ekarriko du martxoaren 5ean, 19:30ean. Bukatzeko, Jesus Ubeda sakandarrak "Sakana" izeneko lana erakutsiko du apirilaren 9an, 19:30ean. Igandean BelaguaraAltsasuko Mendigoizaleak taldeak eski-irteera antolatu du igandean, ilbeltzaren 17an Belaguara. Erronkariko Eski Eskolan ikastaroa egiteko aukera ere badago.