Gaztetxearen aldeko manifestazioa deitu dute

Guaixe 2010eko urtarrilaren 18a

Altsasuko Gazte Asanbaldak (AGA) larunbaterako hots egin zuen prentsaurrekoa jendetsua izan zen. Hainbatek han egonda bere babesa azaldu nahi izan zion gazte erakundeari. Ilbeltzaren 11n gaztetxean izandako sute txiki bat zela eta "Foruzaingoaren helburu bakarra gaztetxea ilegalki erregistratzea" izan zela salatu zuten. Gertaera horregatik AGAk "Foruzaingoaren jokabide negargarria eta zitala" salatu zuen. Izan ere, gazteen ustez foruzainen "esfortzu guztia gaztetxea nola gelditu zen ikustera hurbiltzen zen jende guztia gaizki tratatzeari eta erregistro ilegalari bideratu baitzitzaion". Horregatik eta "azkenaldian izandako beste jokabide ilegalengatik (baimenik gabe herriko lokal baten miaketa), herriarengatik eta herriarentzat bakean lan egiten uzteko" eskatu zuen AGAk. Gazte asanbladak gogora ekarri zuenez, "20 urte daramatzagu herriarentzat lanean eta baita hainbat borroka sozialetan murgilduta ere, trukean ezer eskatu gabe". Herritarrek gaztetxeari babesa erakusteko manifestazioa deitu dute hilaren 30erako. Atxikimenduak biltzen hasi dira. MusikariakSakanako musika taldeek bat egin dute Altsasuko Gaztetxearekin, "manifestura batzeko eta manifestazioan parte hartzeko" dei eginez. Musikarien ustez Altsasuko Gaztetxeak "duela 20 urte erakundeek eskaintzen ez duten kultur eskaintza egin du, diru-laguntzarik jasotzen ez duen kulturari toki eginez". Musikariek diotenez, "gaztetxeak nahi duen musikariari baldintza eta inolako zentsurarik gabe eskenatokia eskaintzen dio". Ziurtatu zutenez 20 urtetan "ibarreko taldeen alde Altsasuko gaztetxeak baino gehiago ez du inongo udalak egin". Nafarroako Gobernuaz musikariek esan zuten "autogestiorako edozein bide ixten saiatzen" dela.  UdalaAltsasuko Udaleko bozeramaileen batzordeak oharra adostu zuen. Altsasuko Udalak Foruzaingoari bere kexua jakinarazi dio Gaztetxeko sutean izan zuten jardueran "proportzionaltasun falta" izan zuelako, "kontuan izanda helburua sutearen arrazoia argitzea zela, tentsioa eta egoneza sortu zuten". Aldi berean, udalak AGAk herriaren kultur eta gizarte bizitza aberasteko egindako jarduera eta ekimenak aitortu zituen. Udalak bere adierazpenean dioenez, sutea sortzearen arrazoia jakinarazteko polizia zientifikoa "berandu" etorri zen eta "neurrigabeko polizia hedapena" izan zen. Udalak dioenez, "kalteak zehazteko inspekzioa bera ere gehiegizkoa izan zen". Hura egin zuten foruzainek "argibiderik ez" zutela eman eta "errespetu faltako erantzunak eman" zituztela ere jakinarazi du.