Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduko bilkuran Altsasuko Udalak, aho batez, onartu zuen "Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Kontseilariari exijitzea Tokiko erakunde, sindikatu eta eragile sozialekin berehalako bilera bat izan dezan". Bilkura horretan "Altsasu eta Sakanari buruz onartu beharreko Plangintzaren berri" eman beharko luke kontseilariak. Krisia dela eta Sakanak bizi duen egoera ekonomikoa larriaren inguruko NaBairen mozioa onartuz erabaki zuen hori Udalak. Koalizioak Nafarroako Gobernuaren "ekintza falta" eta Gobernuarekin izandako bilera "dezepzionanteak" salatu zituen. Horrekin batera, Nafarroako Parlamentuak Altsasu eta Sakanarako egoerari aurre egiteko plan berezi bat martxan jartzeko agindu ziola Gobernuari ere gogora ekarri zuen. Bilkura berean, ezker abertzaleko hautetsiek toki entitateen finantziazio eredua aldatzeko mozioa aurkeztu zuten. Udalek laguntzak jaso ordez ezker abertzalearen mozioak eskatzen zuen "udal eta mankomunitateei haien politika eta inbertsioei buruz erabakitzeko gaitasun ekonomiko nahikoa" izatea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak jasotzen dituen zergen zati bat, %25 gutxienez, jasotzea proposatu zuen. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari toki entitateen mesedetan eskumenen deszentralizazioa eskatzen zen mozioan. Idatziarekin PSN eta UPN ez beste guztiek bat egin zuten.