Dora Salazar ipuin-kontalari

Guaixe 2010eko urtarrilaren 18a

Artelana, musika eta testua uztartzen ditu Helduentzako ipuinak egitasmoak. Ekainean ikusiko dugu emaitzaDora Salazarren egitasmo berria aurkeztu zuten joan zen astean, Donostiako Tabakaleran. Helduentzako ipuinak izena du proiektuak eta hiru hanka ditu: Dora Salazarren artelana, Joserra Senperenaren musika eta Harkaitz Canoren testua. Donostiako Arteko Galeriaren proposamena jarraiki, Dora Salazarren Zumaiako tailerrean egon ziren piano jolea eta idazlea. Altsasuarraren obratik abiatuta sortu dute musika eta testua. "Artelan aztoratzaileak dira, sentsualak batzutan eta zentzugabe edo itogarriak bestetan"; obra horretara egokitzen da musika" azaldu zuen Joserra Senperenak Donostian. Joan zen astean egin zituen grabazioak Donostiako Tabakaleran. "Hasiera batean ez dirudi grabazio bat egiteko tokirik egokiena, baina musika estudioa aseptikoegia iruditzen zitzaidan; espazio eta une bati lotutako musika nahi nuen" azaldu zuen piano joleak.Proiektu zabal baten lehen urratsa izan zen grabazioa. Ekainean ezagutuko dugu lanaren emaitza. Bi fruitu izanen ditu egitasmoak: disko-liburua eta erakusketa. Elkar argitaletxeak argitaratuko du lehena eta Donostiako Arteko Galeriak hartuko du erakusketa.