Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hodei Mazkiaran pistard altsasuarrak Pekingo bidea hartu zuen asteartean, ilbeltzaren 22tik 24ra bitartean Munduko Pista Txirrindularitza Kopako azken jardunaldia jokatuko baita. Hodei Mazkiaran Espainiako selekzioarekin ariko da lanean. Kilometroko proban eta keirin proban ariko da altsasuarra, eta horretaz gain taldekako abiadura proban.Pekindik itzuli eta gero altsasuarra ez da geldituko. Otsailaren 6an eta 7an "Tropheé Pre-Mondial Fenioux" proba jokatuko da Bordelen eta bertan ariko da Hodei, Frantziako espezialista onenekin lehian, martxoaren 24tik 28ra Copenhaguen jokatuko den mundiala prestatzeko bidean. Hodei Mazkiaranek 21 urte ditu eta 2008 urteaz geroztik Cespa-Euskadi talde profesionalean ari da. 23 urtez azpiko erreferenteetako bat da pista txirrindularitzan eta emaitza ezinhobeak izan ditu. Esaterako, iaz hiru urrezko domina lortu zituen Espainiako Txapelketan - keirinean, CRI kilometroan eta abiaduran - eta Espainiako selekzioarekin Munduko Kopan parte hartu zuen, Pekinen eta Ballerüpen, keirinean zilarrezko domina lortuz. Aurten ere gogor hasi da Hodei, asteburuan Pekinen jokatuko den Munduko Kopako azken jardunaldia baitu jokoan. Nolanahi ere 2012an Londonen jokatuko diren mundialetan aritzea da bere ametsa, eta ea bidea eginez lortzen duen.