Lan hitzarmena sinatu dute Arfe-Felipe Lezea fundazioan

Guaixe 2010eko urtarrilaren 25a

ELA sindikatuak aditzera eman duenez Arfe-Felipe Lezea fundazioko (Josefina Arregi klinika) lan hitzarmena sinatu dute zuzendaritza eta langileen ordezkariek. 2011ko abendura arteko lan eta soldata baldintza zehaztu dira hitzarmenean. ELAko ordezkariek "pozik" azaldu dira "bi aldeendako onuragarria den akordioa lortzeagatik". ELAtik azaldu dutenez, kontratazio, lan ordu efektibo eta deskantsuen arautze arlotan "hobekuntzak" lortu dira. Horrekin batera, soldatan KPIren igoera bermatu dute eta, gainera, 200 eta 350 euro artean dagoen igoera lineala ere onartu da. Zenbait plus eta osagarri ere adostu dituzte. ELAtik adierazi dute "akordioagatik pozik azaltzekoa da, are gehiago bizi izan dugun zalantza egoeran". Sindikatuaren ustez, "ezinbestekoa da zentroaren biziraupena bermatzea, lan postuak mantendu daitezen eta Sakanari kalitatezko zerbitzua emateko". ELAk, aldi berean, gogora ekarri du "ekonomia krisiak guztiz zigortu duela ibarra eta azken urteetan Nafarroako Gobernua ibarraz ahaztu" dela.DeiaELAk deialdia egin du Josefina Arregi klinikaren "aldeko apustu sendoa" egin dadin. ELAren ustez "borondate politikorik ez badago, "zeuk erabaki, zeuk aukeratu" moduko programen, enpresen eta banakoen laguntzen menpe egongo gara. Horiek garrantzitsuak dira, baino ez dute balio behar Nafarroako Gobernuak bere ardurak baztertzeko".