Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Historian adituek idazten dituzte historia liburuak eta, normalean, agintari eta pertsonaia ezagunak dira horien protagonistak. Herritar arrunten egunerako bizitza berriz, historia liburuetatik kanpo gertatzen da. Hori irauli du Begoña Salazarrek: XX. mendeko Altsasuko argazki, testu eta egunkarietako berriak hartuta, herritarren historia liburuak osatu ditu. Iaz Altsasuko Iortia kultur gunean jarritako erakusketari esker, horietako batzuk ezagutzeko aukera izan zuten altsasuarrek. Erakusketaren arrakasta itzelaren ondoren, edizio berria antolatu dute aurten. Joan zen asteazkenetik Altsasuko Iortia kultur gunean dago ikusgai. Fernando Morcillo eta Fernando Sayasen argazkiek osatzen dute erakusketa.XX. mendeko AltsasuBarne kezka batek bultzatuta, Altsasuko herriarekin lotura duen guztia biltzeari ekin zion Begoña Salazar Romok. "Pixkanaka hasi nintzen" adierazi zuen, "Altsasun folklore asko dago eta harekin lotutako argazki, artikuluak eta denetarikoak biltzen hasi nintzen. Horrela egin nuen lehen liburua". Zortzi urte pasa dira orduz geroztik eta lehen liburu harren ondotik beste hainbat etorri dira. Altsasuren berri ematen duten egunkari zatiak, argazki zaharrak eta herriari lotutako hainbat istorio biltzen da liburu horietan. Begoñak berak eskuz eginak eta margotuak dira. "Hainbat etxetara joan naiz materiala eskatzen eta jendea oso ongi portatu da nirekin, gauza asko eman dizkit; horregatik gero eta lodiagoak dira liburuak" esan digu. Jendeari mesedea itzuli nahian, jendaurrera eraman nahi izan ditu liburuak. Denetariko gaiak lantzen dituzte liburuek: Santa Agedako ospakizunak, Zortzikoaren nondik norakoak, herriko kirolarien berri, herritarren ospakizunak, euskara eta abar. Herritar ezagunek, Enrike Zelaiak esaterako eta talde bitxiek ere badute lekua, Altsasuko zezenen peñak esaterako.ArgazkiakFernando Sayas eta Fernando Morcilloren argazkiek osatzen dute Recuerdos e imagenes de Altsasu, s. XX erakusketa. 70eko hamarkadan murgildu zen argazkien munduan Fernando Sayas. XX. mendeko azken hamarkadetako Altsasu bildu zuen bere argazkietan: gerora maiatzeko azoka izanen zen festa euskarak, baserrietako bizimodua, txerriaren hiltzea, San Juan, San Pedro, Santa Ageda eta Erkudengo ospakizunak, dantzari txikiak edota kirolariak ikusi daitezke besteak beste. Esther Irisarri ere gogoan izan du. Herriaren eta herriko ohituren bilakaeraren testigu dira argazkiak. Fernando Morcillo zenak 1992an ekin zion argazkilaritzari eta zaletasunari eutsi zion 2007an zendu zen arte. Bere familiak lan ederra izan du horien arteko onenak aukeratzen. Paisaiak eta inauteriak izanen dira protagonista. Altsasu inguruko bazter eta paisaia ederrak eta inauterietako pertsonaiak ezagutzeko aukera eskaintzen du. ErakusketaAltsasuko historiari buruzko hogeita hamar bat liburu, testu literario eta egunkari-zati biltzen ditu erakusketak. Gure ohituretan, historian eta etnografian interesa dutenendako material interesgarria bildu du Begoña Salazarrek. Fernando Morcillo eta Fernando Sayasek argazkiek osatzen dute erakusketa.OrdutegiaOtsailaren 28ra arte Altsasuko Iortia kultur gunean. Astelehenetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta igandetan 18:30etik 20:30era.